Hiru alderdi aukeren artean
Zegama Lantzen eta EH Bilduren artean jokatuko da alkatetza. PSE-EEk aurrekoan ere hautagaitza aurkeztu zuen arren, ez zuen udalbatzan ordezkaritzarik lortu.
Hiru alderdik aurkeztu dituzte hautagaitzak Zegaman datozen maiatzaren 28ko hauteskundeetarako: Zegama Lantzenek, EH Bilduk eta PSE-EE-k. Alderdi sozialistak ez zuen udalbatzan sartzerik izan aurreko legegintzaldian eta Zegama Lantzen eta EH Bilduren artean banatu zituzten udalbatza osatzen duten bederatzi zinegotziak. Gauzak asko aldatu ezean, aurtengoan ere Zegama Lantzenen eta EH Bilduren artekoa izango da alkatetzarako lehia erreala.
Orain lau urte Joseba Izagirre buru zuen Zegama Lantzenek irabazi zituen hauteskundeak Zegaman 474 botorekin. Bi legegintzaldiren ondoren, aurpegia berrituta aurkeztu dute aurten alderdia eta Izaskun Igoak hartu dio Izagirreri erreleboa. Alkatetzara lehendabiziko aldiz aurkeztuko den arren, zortzi urtez zinegotzia izan da Zegamako udaletxean eta, hortaz, badu esperientzia udal jardunean. «Gure Zegama denon Zegama izan dadin, gizarte inklusibo baten alde lan egiteko prest» dagoela dio Igoak.
77 botoren aldea, aurrekoan
Zegamako EH Bildun ere aurpegi berria dute zerrendaburu, baina bertsolaritzan daramatzan urte luzetan aski ezaguna da Euskal Herri osoan. Iker Zubeldiak «gogotsu eta ilusioz» heldu dio erronka berriari. «Herria barrura begira egitea» du gogo eta helburu nagusi. Aurreko udal hauteskundeetan aldea estua izan zen Zegama Lantzen irabazlearen eta EH Bilduren artean, 77 boto eskas. 397 boto eskuratu zituen talde abertzaleak. Aurten ikusteko dago, beraz, zer gertatuko den.
Zegama «herrigintzan» eraikitzeko helburua du Zegama Lantzenek. Hezkuntza komunitatearekin elkarlanean «gizarte justuago, inklusibo, solidarioago eta kohesionatuago bat» bultzatuko dute. «Genero berdintasunerantz» lanean jarraituko dute, «kalitatezko» gizarte zerbitzuen aldeko apustua egingo dute eta «jubilatuen egoitza berri bat» eraikiko dute. Zegama «euskalduna» bultzatuko dute, kultur eta kirol eskaintza indartzearekin batera. Gazteekin eta gazteentzat ere lan egingo dute
Hirigintzari dagokionean, «herritarren zerbitzura egongo den» plan urbanistiko berria bultzatuko du Zegamako EH Bilduk. «Auzoak egokitzea, haurrentzako jolaslekuak eraikitzea eta herria irisgarriagoa egitea» ere baditu helburuen artean.
Gazteentzako «eskuragarriagoak diren etxebizitzak» sustatuko dituzte, baita «herriak galdu dituen» zerbitzuak berreskuratu ere: «Medikua, Kutxa…». Kultur etxea herriari zabaltzeko beharra ere azpimarratu dute. Kultur eta aisialdirako eskaintza bermatuko dute, «eskaintza handituz eta banatuz», eta euskarari dagokionez, «UEMAn sartzeko erronkari» helduko diote.
Zegamako 1.106 herritarrek dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko aukera. Zegamako udalbatzari 9 zinegotzi dagozkio.
2019ko emaitzak
Botoak | Zinegotziak | |
Zegama Lantzen | 474 | 5 |
EH Bildu | 397 | 4 |