Jabekuntza Eskolako ikasturte amaiera festa izango da bihar
Batukada, bertsoak, jana eta musika izango dira. Plaza Nagusian 12:00etan gelditzeko deia egin dute, batukadarekin Eskolako plazara joateko.
Jabekuntza Eskolako ikasturte amaierako festa egingo da bihar. Plaza Nagusian elkartzeko deia egin dute, 12:00etan. Batukada, bertsoak, jana eta musika izango dira, eta baita sorpresaren bat ere. “Aurtengo ibilbidea errepasatzeko eta ikasturteari itxiera ludiko bat emateko” festa izango dela azaldu du Eskolak, “elkar zaintza, ikaspenak, topaguneak eta indarrak erakutsi eta ospatzeko”.
12:00etan plazan elkartu ondoren, Mari Batu Batukada Feminista giroa berotzen hasiko da,eta bertatik elkarrekin joango dira Eskolako plazara. 12:30ean, muralaren inaugurazioa egingo da, eta bertsoak izango dira Amaia Agirreren eskutik. 13:00etan, berriz, musika eta jana egongo da.
2020an abiatu zuen udalak, herriko eragile feministekin elkarlanean, Jabekuntza Eskola sortzeko prozesua. 2021ean espazioa inauguratu zuten, eta ekintza sorta bat aurkeztu. Iazko martxoan, berriz, egoitzaren irekiera ekitaldia egin zuten, ikasturterako egitarau zabala aurkeztuta.
Herrian bizi, ibili eta lan egiten duten emakume guztientzako espazioa da, ahalduntze indibidualerako eta kolektiborako espazio bat, eta ikastaro, tailer, hitzaldi eta bestelako ekitaldiak antolatzen dituzte bertan.
Aurten ere hainbat ikastaro, tailer eta hitzaldi egin dituzte. Bihar ikasturte amaierako festa izango da, baina oraindik ikasturtea amaitu arte hainbat jarduera geratzen dira egiteko. Hauek dira hurrengo asteetako ekintzak:
- Batukada feminista: maiatzaren 25ean eta ekainaren 8an, Jabekuntza Eskolan.
- Indarkeria obstetrikoa: Indarkeria obstetrikoaren inguruko hitzaldia egingo du Nereida Barrikarte Esku Hutsik elkarteko kideak, maiatzaren 26an, D’elikatuzen. Aurretik, Maria Cruickshank-en Bellas filma proiektatuko da.
Herriko zein inguruko emakumeak animatu dituzte bihar Plaza Nagusira gerturatu eta Jabekuntza Eskolako festan parte hartzera.