Maiatzaren 31ra arte eman daiteke izena Ateak Ireki programan parte hartzeko
Hamar familia gehiago behar dituzte, ekainaren 25etik uztailaren 16ra Goierrira etorriko diren AEBtako gazteak etxean hartzeko. Herenegun Goiekin bilera egin zuten izena eman duten familiek.
Ateak Ireki 2023 programa azken txanpan sartu da. Maiatzaren 31ra arte eman dezakete izena parte hartu nahi duten familiek. Estatu Batuetako euskal jatorriko 16-25 urte arteko gazteak Goierrira etorriko dira ekainaren 25etik uztailaren 16ra, eta gazte horiek etxean hartuko dituzten 10 familia gehiago behar dituzte, sarea osatzeko.
Herenegun, Goiekiko egoitzan bilera izan zuten dagoeneko izena eman dutenek. Antolakuntzak eta familiek dei berezia egin diete Goierriko familiei, izena eman dezaten. www.ateakireki.eus webgunean edo ateakireki@ateakireki.eus helbide elektronikora idatzita eman daiteke izena.