MUTILOA. Herritik eta herriarentzat
Zerrenda bakarra aurkeztuko da udal hauteskundeetara Mutiloan. Goierriko kasu bakarra da Mutiloakoa. Iñaki Ugaldek seigarren legegintzaldia beteko du.
Mutiloan ez da ezustekorik espero. Zerrenda bakarra aurkeztu da hauteskundeetara —zerrenda bakarra aurkeztu den Goierriko herri bakarra da Mutiloako kasua— eta Mutiloako Herri Kandidaturako Iñaki Ugalde izango da berriz alkate datozen lau urteetan. Seigarren legegintzaldia izango du alkatetzan. Urte asko diren arren, «gogotsu» dago datorrenari begira, izan ere, «legealdi bakoitzak bere berezitasunak eta erronkak» dituela uste du.
2003az geroztik da udal buru Ugalde Mutiloan —aurretik beste lau urte egin zituen zinegotzi—. Aukera beste edozein mutiloarri suertatu zitzaiokeen bezala iritsi zitzaiola kontatu du, «herritarren artean bozketa egiten da zerrendagaiak aukeratzeko, bozkak jasoko nituen eta asko pentsatu gabe sartu nintzen», aitortu du. Udaleko jardunak «gauza asko» eman dizkiola dio, «onerako eta txarrerako». Dena den, herriaren alde lan egiteak eta gauzak lortzen direla ikusteak «poz handia» ematen duela dio eta oso positibotzat jo du urte guztia hauetako esperientzia.
2020-30 plan estrategikoa
Ohiko alderdi politikoekin alderatuta, herri kandidaturek euren berezitasunak dituzte lan jarduna antolatzerako orduan. Mutiloako Herri Kandidaturak ez du hauteskundeetarako programarik aurkeztu, esaterako, baina badaukate, noski, datozen lau urteetan jarraitu beharreko bide-orria egituratuta.
2021ean gauzatu zuten 2020-30 izeneko plan estrategikoa. «Herritarrek euren ekarpenak egin zituzten eta horiek oinarri hartuta finkatu genituen 2030era bitarteko lerro estrategiko batzuk, baita zein esparrutan eragin nahi genuen zehaztu ere», esan du Ugaldek. Lanketa hartatik 80 bat proiektu atera ziren, «batzuk dagoeneko eginda daude, baina beste asko egiteke daude oraindik».
Eginda dauden proiektuen artean Errotatxo eraikinaren zaharberritzea «garrantzitsutzat» jo du Ugaldek. Behin eraikina osatuta, «erabilerari bueltak ematen ari gara orain». Gainerakoan, herrian dauden zerbitzuak mantenduko dituzte, «mediku zerbitzua, Ostatua, etab.». Herrian kultur jarduerak sortzen ere jarraituko dute eta Mutiloan «haurrak, gazteak eta helduak elkarrekin bizitzeko» estrategiak lantzen ere jarraituko dute. Elkarlana jarri du gakotzat Ugaldek, «gurea bezalako herri txiki batean elkarrekin lan egitea behar-beharrezkoa da», azpimarratu du.
Erreleboari buruz galdetuta, etorriko dela esan du seguru, «urte asko egin ditut eta erreleboak etorri beharko du, noiz zehaztea zaila den arren», aurreratuz amaitu du.
Mutiloako 203 herritarrek dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko aukera. Mutiloako udalbatzari 7 zinegotzi dagozkio.
2019ko emaitzak
Mutiloako Herri Kandidatura | 128 | 7 |