Zumarragako EH Bilduk Arcelorreko Plan Bereziaren "tramitazio irregularra" salatu du
Zumarragako EH Bilduk Arcelorreko Plan Bereziaren eta Plastic Energy ezartzearen inguruan aurrera eramandako ekimenak aurkeztu ditu. Baita Zumarragako industria eraldaketarako egin duten proposamenaren berri eman ere. Arcelorreko Plan Bereziaren tramitazioa “irregularra” izan dela salatu du eta hauteskunde hauetan Zumarragaren etorkizuna jokoan dagoela gogoratu du. Horra hor Zumarragako EH Bilduren oharra.
“EH Bilduren udal taldeak, Plastic Energy ezartzea aurreikusten duen Arcelorreko Plan Bereziaren tramitazioa modu irregularrean egiten ari dela jakinarazio dio alkateari. Gobernu taldeak murriztu egin ditu hirigintza araudiak eskatzen dituen planaren jendaurreko egunak, parte hartzea mugatu eta presaka tramitatzeko. Berriz ere hirigintza araudiak ez betetzea oso larria da eta honen atzean plastiko errauskailua eraikitzeko egitasmoa atzera bueltarik gabeko prozesua izatearen asmoa dago. Hori da izapidetzearen berehalako gelditzea eskatu izanaren arrazoia; aipatutako irregulartasuna berehala zuzentzen ez bada, ez dugu izapidetzea errekurritu eta Plan Bereziaren izapidetzearen prozesua geldituko.
Alegazioak aurkezteko denbora tartea laburra izanda ere (legeak arautzen dituen 45 egunetatik 20 jarri zituzten), gogor lan egin dugu eta Plastic Energy-ren ezarpena dakarren Plan Bereziari hainbat alegazio aurkeztu dizkiogu. Hurrengoak: 1) Planetik Plastic Energy-ren inguruko aipamena kendu behar da, horrek beste enpresa batzuei bidea itxi baitakie eta era berean egitasmo kaltegarri baten ezarpena. 2) Hamarkadetan gure etorkizuna baldintzatu dezakeen proiektu baten inguruan herritarrek izan dezaketen iritzia eta parte hartzea ez da bermatu 3) Plastiko errauskailu batek ingurumenean, osasunean zein ekonomia alorrean izan dezakeen eraginaren inguruko azterketarik ez dago.
Azkenik, PSE-EEk erakutsi duen gardentasun eta informazio falta dela eta, Plastic Energy proiektuaren eta planak hau jaso izanaren arrazoien inguruko idatzizko galdera zehatzei sarrera eman diegu Eusko Legebiltzarrean. Idatzia Arantza Tapiak (Sprilurreko arduradun gorena, plana idatzi duen organoa) zuzentzen duen sailari zuzendua dago. Erantzuteko legeak ezartzen duen gehienezko epea bukatu bada ere, egun gehiago beharko dituztela jakinarazi digute eta kasualitateak zer diren, hauteskundeak pasa arte ez omen ditugu erantzunak izango. Administrazioen (Eusko Jaurlaritza¡, Gipuzkoako Foru Aldundia eta udala) arteko elkarlana eta adostasuna horren estua bada, erantzunak atzeratu izana eta hauen inguruko xehetasunak eskaini ez izana deigarria egiten zaigu.
Plan Bereziaren hirigintza tramitazioaren kudeaketa eskasari, Arcelorreko zabortegian atzemandako hirigintza eta ingurumen irregulartasunak gehitu behar zaizkio. Ilegala izanda ere, herritarren segurtasuna eta osasuna arriskuan jarriz, milaka zepa tonaren isurketa baimendu dute. Arartekoak gure udal taldeari arrazoia eman dio eta udalari gure eskaerei modu zehatzean erantzun diezaien eskatu dio, kontrolerako eta jarraipenerako edozein baliabide martxan jartzea udalaren betebeharra dela gogoraraziz. Ez da Arartekoak udalari aurten kargu hartzen dion lehenengo aldia eta baliteke azkena ez izatea.
Akats sanitarioa, estrategikoa eta ekologikoa
Ezarri nahi duten hondakin plastikoak tratatzeko instalazioa erraustegia da, Europako 2000/76 Zuzentarauak eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera. Errauskailua ez dela argudiatzeak, prozesua pirolisian oinarritua dagoelako eta ez errekuntzan, fede txarra edo ezjakintasuna adierazten du.
Gure herrian errauskailu bat ezartzea akats sanitario, estrategiko eta ekologikoa da. Alde batetik, sortzen den azpiproduktu likidoak (takoila), erregai bezala erabilita, berotegi efektua eragiten duten emisioak sortzen ditu. Beste erabilpen bat industria kimikorako lehengaiarena da. Gure lan esperientzian eta inguruko industria enpresen ezagutzan oinarrituta, takoila eskualdeko enpresen interesekoa ez dela eta are gutxiago balizko lehengaia ziurtatu dezakegu.
Osasunaren ikuspegitik, pirolisi prozesu batean isurtzen diren gasak gure osasunarentzat kaltegarriak direla nabarmena da. Honela, arreta printzipioagatik bada ere, errauskailu bat herrigunetik hain hurbil kokatzea baztertu beharko litzateke.
Arcelorreko lurretan errauskailu bat jartzea akats estrategiko larria da. Adibide garbia gertu dugu, Bergaran: 300 langileko empresak herritik alde egin du errauskailua ezarri nahi duten industria gune berean egon nahi ez izateagatik. Beraz, lana erakartzeaz urrun, gure herrira etor daitezkeen enpresak uxatzea ekar dezake, sor daitezkeen kalitatezko lanpostuak suntsituz.
Ehunka lanpostu jokoan daude
Zumarragan industria errealitate berri bat suspertu eta aktibatzeko garaia da, bestelako zumeekin: errotutako industria, izaera soziala duena, berritzailea eta jasangarria. Ingurumena eta osasuna errespetatuko dituena. Zumarraga Euskal Herriko bi eskualde oparoenen arteko lotura zubia izatea nahi dugu: Goierri eta Debagoiena. Kokapen geografiko pribilegiatua dugu eta Gipuzkoan industria lurzoru erabilgarria ondasun urria da. Industria talde kooperatibo batekin izandako harremanen ondorioz, inguruko hainbat enpresek beraien zabalkunderako industria lurzorua behar dutela jakin dugu. SPRIk Arcelorreko lurrak erosi eta eremua deskontaminatzeko hartutako konpromisoa eta gero, gure etorkizuna aldatzeko aukera aparta dugu.
Arcelorreko lur sailen inguruan hartzen diren erabakiek gure seme-alaben, gure gazteen etorkizuna baldintzatuko dute. Aurrean dugun erronkak epe luzerako begirada eskatzen digu, lankidetza eta eskuzabaltasuna mankomunitatea osatzen dugun alderdi, eragile eta SPRIri. Punta-puntakoak diren enpresak nahi ditugu Zumarragan, ehunka lanpostu sortuz, eta baztertzea zaila izango den eskaintza landuko dugu. Hauteskunde hauetan hurrengo hamarkadetarako nahi dugun industria eta gizarte eredua aukeratu behar ditugu. Hauteskunde hauetan ehundaka lanpostu daude jokoan; Zumarragaren etorkizuna dago jokoan”.