Zaldibiako EAJk hautagai taldea aurkeztu du, konpromisoa eta aniztasuna goiburu hartuta
Garbiñe Mendizabal izango da alkategaia, eta beste zortzi kidek osatuko dute maiatzaren 28rako "talde indartsua". GBBren lehendakari Joseba Egibarrek eta Goierriko gainerako zerrendaburu jeltzaleek babestu dute Zaldibiako hautagaitza.
Zaldibiako EAJk atzo iluntzean aurkeztu zuen, herriko plazan, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hautagaitza. Talde “indartsua, konprometitua eta anitza” osatu dute, bederatzi hautagairekin. Garbiñe Mendizabal da alkategaia.
Udaletik landu eta bultzatu nahi duten Zaldibiaren ezaugarriak azaldu ditu Mendizabalek: “Errespetuan oinarritzen den Zaldibia nahi dugu, integratzailea, euskalduna eta abertzalea”. EAJren politikaren helburu eta objektu “herritarren ongizatea” ipini du. “Horretantxe dago kalitatea eta eszelentzia, pertsonekin pentsatzea, beraiei entzutea eta erabakiak hartzea”.
Bigarren hauteskunde-deialdia du EAJk alderdiaren izenean aurkeztu dena. 2019an atera zuen zerrenda lehenengo aldiz, eta lau urte hauetan “konpromiso ukaezina” izan duela alderdiak adierazi du Mendizabalek. Zaldibiarren beharrei erantzuteko, “gogotsu eta zintzo” ari dira lanean. “Hori da EAJren eredua”. Aurrera begira, Zaldibiak proiektuak behar dituela aurreratu du, eta “herriak dituen baliabideekin eta elkarlanean” bultzatuko dituztela agindu du, “Zaldibia denon artean eta denontzat eraikitzeko”.
Egibar: “Abertzaleen arteko elkarlana ezinbestekoa da”
Joseba Egibarrek, bere hitzartzean, proiektu abertzale baten bizkarrezurra balio komunitarioak direla ziurtatu du. “Abertzaleen arteko elkarlana ezinbestekoa da gure nazio etorkizuna irabazi nahi badugu. Hori bai, betiere elkarren arteko errespetutik abiatuta”.
EAJk “ibilbide sendoa eta fidagarritasuna” dauzkala, eta “konfiantza eskaintzen” duela gehitu du Egibarrek. “Badakigu nondik abiatzen garen, oinak lurrean ditugu eta eskuzabaltasunean eta elkarlanean jarraituko dugu herri hau aurrera ateratzen. Demokraziaren eskutik, Zaldibian, Goierrin eta edonon EAJren mezua zabaltzen jarraituko dugu”.
Zaldibiak EAJren hautagaiak:
- Garbiñe Mendizabal Mendizabal.
- Estibaliz Jaka Elorriaga.
- Agurtzane Aiestaran Amondarain.
- Inazio Aizpuru Mendizabal.
- Valentina Francisca Varas Valenzuela.
- Miren Agurtzane Lasa Dorronsoro.
- Antonio Jarit Cobos.
- Ainhoa Eguren Lasa.
- Iosu Arraiz Aranburu.