AHTaren ibilbidearen zundaketa lanak hasi ditu Espainiako Gobernuak Aralarren
Ataungo eta Idiazabalgo udaletan lan horiei buruzko dokumentazioa jaso dute orain gutxi. Iruñea eta Ezkio lotzeko trenbidea Lakuntza inguruan sartuko litzateke lur azpian eta Ataun alderik alde zeharkatuko luke. Altzania, Motasoro eta Atxurbiren azpitik pasako litzateke, Idiazabal eta Olaberria artean ateraz Ezkio aldera.
Landarlan Ingurumen Elkarteak jakinarazi duenez, Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA) hasi ditu dagoeneko Aralarren Nafarroako aldean, Sakanan, AHT Abiadura Handiko Trenaren ibilbidearen zundaketa lanak. Iturri horien arabera, Nafarroako zein Gipuzkoako udalek jaso dute lan horiei buruzko dokumentazioa, tartean Ataunek eta Idiazabalek. Informazio guztia iturri ofizialetatik eskuratu dutela nabarmendu du elkarteak.
Espainiako Gobernuaren arabera, AHTak bi alternatiba ditu Nafarroa Euskal Y-arekin lotzeko: lehena Gasteiztik igaroz izango litzateke eta bigarrenak Ezkio-Itsasoko plataforma intermodala erabiliko luke. “Azken hori, aurrekoa baino hiru aldiz garestiagoa izango litzateke eta gainera Aralar zeharkatuko luke. Ibilbide honen arabera, trenbidea Lakuntza inguruan sartuko litzateke lur azpian eta Ataun alderik alde zeharkatuko luke Altzania, Motasoro eta Atxurbiren azpitik pasako litzateke, Idiazabal eta Olaberria artean irten eta Ezkio-Itsasora iristeko. Proiektuaren arabera Ataunen trenbidea bistan edukiko genuke leku batean baino gehiagotan”.
EAEk eta Nafarroak ikuspegi ezberdinak
Landarlanek salatu duenez, “EAJ-k Aralar zeharkatzea lehenetsi du, hau da, Ezkio-Itsasoko plataforma intermodala erabiltzeko proposamena eraman du Europara”. Nafarroako Gobernuko Garraio Zuzendari Berta Mirandak (PSN), aldiz, EAJren jarrera “arduragabea” dela salatu zuen prentsan, “gaur-gaurkoz zati hori egiteko azterketa teknikoak egiteke baitaude”. Azkenik, EH Bildu eta Podemos planteamendu honen aurka eta egungo tren azpiegiturak egokitzearen alde agertu dira hasieratik. “Garrantzitsua iruditzen zaigu hauteskundeen testuinguruan alderdi ezberdinen ikuspuntuak adieraztea”, dio ingurumen elkartearen oharrak.
Europar Batasuneko Garraio Azpiegiturei buruzko Txosten Bereziak Euskal Y-arekiko “kontrakotasuna” adierazi zuela dio Landarlanek, “iraunkortasunaren aldetik gabezia handiak zituelako, gehiegizko gainkostuengatik, 30 urteko atzerapenagatik, eta parte hartze sozialik egon ez delako”.
AHTa bertan behera uzteko eskaera
Landarlanek “AHTaren Aralarko saihesbidea alde batera” uzteko eskatzen du; “are gehiago, AHTaren proiektua bere osotasunean bertan behera uzteko eskatzen” dugu. “Bizi dugun ziurgabetasun eta krisi eko-sozial honen aurrean ez baita onargarria hainbesteko baliabide eta dirutza beharrezkoa ez den megaproiektu batean xahutzea”.