Ataungo EAJk San Martingo plazan aurkeztu du hautagaitza
Ataungo EAJk lehengo ostegun arratsean egin zuen hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia. Maiatzaren 28an bozkalekuetan egongo den papertxoko hautagaiak aurkeztu zituzten, jendaurrean. San Martin auzoko plazan elkartu ziren zerrendakideak, Kontxi Sukia Garmendia alkategaia tartean zela.
Herrikako taldeen eta hautagaien aurkezpen ia guztietan bezalaxe, eta Ataungo ekitalditik zuzenean Zaldibiakora joan aurretik, EAJren Gipuzko Buru Batzarraren presidente Joseba Egibar izan zen sustengu emaile, exekutibaren izenean. Ekitaldian ziren, baita ere, beste herri batzuetako alkategai edo hautagaiak, Lazkaoko, Beasaingo, Urretxuko nahiz Legazpikoak, besteren artean.
Bigarren bozak siglekin
Alderdi jeltzaleak 2019an atera zuen Ataunen bere siglekin hautagaitza, eta lau zinegotzi lortu zituen (bederatzi ditu udalbatzak). Apustuarekin jarraitzeko komentzimendua azaldu dute, Sukia buru duen taldearekin.