Juan Jose Moral txirrindulari ohi zumarragarra, Alemaniako zaleen idoloa
1975ean Bakearen Lasterketako etapa bat irabazi zuen eta lasterketa horren sorreraren 75. urteurrenera gonbidatu dute.
Altzairuzko Oihalaren garaian, oso gutxi ziren Ekialdeko Europako herrialdeetara joateko aukera zuten mendebaldeko europarrak. Juan Jose Moral txirrindulari zumarragarra horietako bat izan zen. 1975ean Bakearen Lasterketan (ekialdeko herrialdeetako Tourra) parte hartu zuen Espainiako selekzioarekin eta bigarren etapa irabaztea lortu zuen, ihes eginda. Helmuga Alemaniako Errepublika Demokratikoko Gera hiriko estadioan zegoen eta milaka lagunen txalo artean sartu zen. Altzairuzko Oihala erori aurreko urteetan oso gutxi izan ziren Bakearen Lasterketan garaipenen bat lortu zuten mendebaldeko txirrindulariak. Hala, Moral gogoan dute oraindik. Bakearen Lasterketaren 75. urteurrena ospatu dute eta Moral festara gonbidatu dute. Bere bi semeekin joan da, Juanjorekin eta Jorgerekin.
Festa ostegun arratsaldean izan zen eta Moral bakearen aldeko usoak askatzeko ohorea izan zuenetako bat izan zen. Lehenago, goizean, Gera hirian izan ziren. Bertan, une hunkigarriena bizi izan zuten. Juanjok bertako udalarekin harremana zuen (duela urte batzuk aitaren argazki batzuk eskatu zizkien) eta Alemaniara joan aurretik berriro beraiekin harremanetan jarri zen. Atletismo estadioa bisitatu nahi zutela esan zien. Alemaniarrek sekulako sorpresa prestatu zieten zumarragarrei. Estadiotik kilometro batera, hamar laguneko taldea zain zuten, duela 50 urteko bizikletekin eta arroparekin. Moral bizikletan sartu zen estadiora, alemaniarrekin batera. Ondoren, estadioari bizpahiru itzuli eman zizkion. Alemaniarrek kazetariei ere deitu zieten eta hurrengo egunean bertako egunkari batean Moralen bisitaren berri eman zuten.
Aita-semeak Berlinen ere egon dira eta gaur itzuliko dira Zumarragara. Sekulako esperientzia izan da. “Aita txundituta dago oraindik. Sinadurak eskatu dizkiote, komunikabideetan atera da… Izan ere, oso lasterketa garrantzitsua zen eta Mendebaldeko Europako txirrindularientzat oso zaila zen irabaztea. Chemnitz hirian ere egon gara. 1975ean aitak bertako Kongress hotelean lo egin zuen eta hotel berean lo egin dugu”, aipatu du Juanjo semeak.
Moral txirrindulari handia izan zen. Bera da Bakearen Lasterketako etapa bat irabazi duen euskal herritar bakarra. Horretaz gain, 1976an Kanadako Montreal hirian egin ziren joko olinpikoetan parte hartu zuen. Horretaz gain, 1971n afizionatu mailako Espainiako txapelketa irabazi zuen, 1974an Montrealen jokatu zen Munduko Txapelketan parte hartu zuen, afizionatu mailako erlojuaren aurkako Espainiako Txapelketa irabazi zuen 1976an… Horretaz gain, afizionatu mailako Italiako Giroan parte hartu zuen eta 1976ko Suitzako Itzulian laugarren postuan sailkatu zen. Irlandako Itzulian bigarren postuan sailkatu zen, Sean Kelly handiaren atzetik. Sekulako errodadorea izan zen, baina zorte txarra izan zuen. 1976an SuperSer taldearekin fitxatu zuen eta bere bizitzako denboraldi onena egin zuen. SupeSer-ek profesional mailako taldea zuen, baina 1976ko Tourrean taldean arazoak izan ziren eta taldea desegin zuten. Agustin Tamamesek bere talde berrirako deitu zion, baina egitasmoa bertan behera gelditu zen. Hala, txirrindularitza uztea erabaki zuen. Moral Burgosko Villamayor de los Montes herrian jaio zen 1951n eta gaztetan Euskal Herrira etorri zen. Eitzan bizi da.