Goierri mailako elkarretaratzea deitu dute biharko Ataunen AHTaren proiektuari ezetz esateko
'Natura eta landa suntsituz ezin da herria eraiki!' goiburua izango du kontzentrazioak. San Martin auzoko plazan egingo dute, 18:30ean. Otsotarrak elkartea eta Landarlan Ingurumen Elkartea dira deitzaileak.
Ataungo Otsotarrak elkarteak eta Goierri mailako Landarlan Ingurumen Elkarteak deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar, asteazkena, Ataun San Martingo plazan (18:30) “Sakanatik sartu, Ataun zeharkatu, eta Idiazabal eta Olaberritik Ezkiora eraman nahi duten AHT proiektuari ezetz esateko”.
Sakanako, Goierriko zein beste edozein lekutako elkarte, eragile eta herritarrak deitu dituzte Natura eta landa suntsituz ezin da herria eraiki! lemapean egingo duten elkarretaratzera.
Bi elkarteek jakinarazi dutenez, Espainiako Garraio Ministerioak baieztatu die “lurjabeekin harremanetan jartzear” direla zundaketa lanekin hasteko. “Ez Sakanan eta ezta Goierrin ere ez dugu onartuko AHTak tamaina horretako hondamendi ekologikorik sortzerik”.