«Herriko helduenen zaintza eta harreman guneak du lehentasuna»
EAJren izenpean bigarren deialdia izango du Garbiñe Mendizabalek, alkategai modura. Lehentasunak adinekoak, lehen sektorea eta industria direla ziurtatu du.
Zer ekarpen egingo dio EAJren hautagaitzak Zaldibiako herriari?
Herrigintzara saltoa emanda, herritarren satisfazioa bilatu nahi dugu. Ahalik eta modu hoberenean erantzun nahi diegu, baina harrotasunik gabe. Benetako zerbitzua eman nahi dugu, nahiz ez izan perfektua. Saiatuz ikasteko pronto gaude, beti. Ilusioz eta baikortasunez, herritarrak ditugulako helburu eta herritar horien ongizatea. Horretantxe dago kalitatea eta eszelentzia, pertsonekin pentsatzea, beraiei entzutea eta erabakiak hartzea.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Kudeaketa zorrotza, aurren-aurrena. Herritarren poltsikoetako diruak ditugulako esku artean kudeatzeko. Zorrotz eta kontu handiz ibili behar dugu hori kudeatzeko garaian. Ongizatea mantendu nahi badugu, ekonomia sendoa behar dugu, eta industria guneak indartu beharko genituzke. Horrek diru iturri bat ekarriko duelako eta lehentasunetan gastatzeko aukera. Baina beti gastu horiek ondo pentsatuta eta aukerak aztertuta. Esate baterako, Goierri osoan, zaborrak kudeatzeko adibidez, biztanleko gastu altuena jasaten du zaldibiarrak.
Horrez gain, herriko helduenen zaintza eta harreman guneak du lehentasuna, gure ustez. Baita lehen sektoreak ere, eurengandik gertu egotea behar luke gure helburuetako bat. Eta haurrek eta gazteek, herri txikia izanik, izan dezatela beren aisia, kirola eta kulturaz gozatzeko gunea.
Eta elkarbizitza gipuzkoar berriekiko, besoak zabalduta. Gure kulturara eta hizkuntzara erakarriz, baina beraiena errespetatuz. Herri bateko partaide ez baitzaitu odolak egiten, integratzeko borondateak baizik. Hau, holaxe, 1977ko gure estatutuetan jada azaltzen da.
Beste behin aurkeztu zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Nire burua nola ikusten dudan? Lazkao Txikik esan bezala, esango nizuke “nire burua ispiluan ikusten dudala”; hori baita modu bakarra. Baina gizon txiki handi horri omenaldi txiki hau eginda, indartsu nabil. Urteek ematen dute eskarmentua, asko ikasi dut. Umiltasunez, guretik eman nahi diogu herriari dugun hoberena. Taldekide finak ditut, eta horrek ere babes handia ematen du. Baita ordezkatzen dudan alderdiak ere.
Zaldibiako EAJren hautagaiak:
-
Garbiñe Mendizabal Mendizabal.
-
Estibaliz Jaka Elorriaga.
-
Agurtzane Aiestaran Amondarain.
-
Inazio Aizpuru Mendizabal.
-
Valentina Francisca Varas Valenzuela.
-
Miren Agurtzane Lasa Dorronsoro.
-
Antonio Jarit Cobos.
-
Ainhoa Eguren Lasa.
-
Iosu Arraiz Aranburu.