Idiazabal Gaztaren Kofradiak 33. Kapitulua ospatuko du larunbatean
Kofradiakide berriak izendatuko ditu kofradiak udaletxean, eguerdian. Ondoren, Martinez Jatetxean Senidetasun Bazkaria egingo dute.
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak 33. Kapitulua ospatuko du larunbatean, goizetik hasi eta eguerdira arte. Kofradiakide berriak, ohorezko kofradiakideak zein emerituak izendatuko dituzte, eta hil ondoko omenaldia egingo diote Tafallako Tubal Jatetxeko Atxen Jimenez-i.
10:30ean, D’elikatuz Interpretazio Zentroan, harrera egingo zaie kofradiakideei eta gonbidatuei, eta hamarretakoa zerbitzatuko da. Bisitarientzat ere irekita egongo da zentroa. 11:30ean, Oroith Abesbatzak kontzertua eskainiko du D’elikatuzen bertan. 12:30ean, udaletxeko areto nagusira joango dira, eta harrera egingo die Adur Ezenarro Ordiziako alkateak. Eguna amaitzeko, 14:00etan, Martinez Jatetxean Senidetasun Bazkaria izango da.
Hauek dira izendapen berriak:
- Kofradiakide berria: Rosa Diez Urrestarazu (idazlea eta kazetaria).
- Ohorezko Kofradiakideak: Jon Etxeberria eta Puy Arrieta (Idiazabal Gazta egiten duten artzainak); Jose Antonio Elosegi Agirrezabala (Ordiziako Azoka); Ordiziako Txistulariak (50. urteurrena bete dute); eta Juan Manuel Garmendia (FECOGAko lehendakaria).
- Emeritu Kofradiakideak: Pedro Mari Arana Lasa eta Jose Ramon Garcia Lapitz.
- Hil ondoko omenaldia: Atxen Jimenez (Tafallako Tubal Jatetxea).