Beitia martxako lan taldea eta erreleboa hartuko duten gazteak, elkarrekin
Duela 26 urte, Urretxu eta Zumarragako gazte talde batek Iñaki Beitia lagunaren omenezko mendi martxa antolatzea erabaki zuen. Lan onari eta mendizaleei egiten zaien harrera bikainari esker, martxa Euskal Herri osoan ezagun egin zen. Urtero 1.000 lagunek baino gehiagok parte hartzen dute. Baina gazte haiek dagoeneko ez dira horren gazteak eta erreleboa eskatu dute. Eta gazteek erantzun dute, noski. Nola ez?
Iñaki Beitia mendi martxa Urretxu eta Zumarragako sinboloetako bat da dagoeneko. Urteko ekitaldi nagusietako bat. Bisitari gehien erakartzen dituen ekitaldietako bat.
Erreleboa hartu duten gazteak horren jakitun dira. Gainera, Beitia martxa umetatik ezagutzen dute. Beraietako askok gurasoen eskutik ezagutu zuten Beitia martxa. Gurasoekin egin zuten lehenengoz. Egun, lagunekin egin dute. Ondo ezagutzen duten Iñaki Beitia nor zen eta ederki asko dakite antolatzaileek urte hauetan guztietan zer nolako lana egin dute. Hori dela eta, erreleboa hartu dute.
Igandean martxaren 25. edizioa egin zen. Egungo lan taldeak eta erreleboa hartuko dutenek elkarrekin lan egin duten. Gazteak laguntzen aritu ziren, antolaketan lanaren nondik norakoak gertutik ezagutzeko. Datorren urtean egungo lan taldeak eta lan talde berriak elkarrekin antolatuko dute mendi martxa.
Aurtengo edizioa ere oso arrakastatsua izan da. 1.200 mendizalek baino gehiagok eman zuten izena. Eta gaur, 19:30ean Zumarragako Zelai Arizti aretoan, martxari buruzko dokumentala emango dute. Dokumentala 25. edizioa ospatzeko egin dute. Ondo merezitako ospakizuna izango da. Zorionak eta eskerrik asko!