«Pertsona ardatz hartuta, herritar guztion bizitzak hobetzeko lan egingo dugu»
Bigarrenez aurkeztuko da Izarra Urdalleta Segurako alkatetzara. Lanean jarraitzeko «gogoz eta ilusioz» dagoela dio, gizarte moduan dauden erronkei aurre egiteko lanean jarraituko dutela dio. «Bihotzarekin lan egiten jarraituko dugu», azpimarratu du.
Zer ekarpen egingo dio zure hautagaitzak herriari?
Gizarte moduan ditugun erronkei (klimatikoa, energetikoa, demografikoa, zaintza, desberdintasun sozialak,…) aurre egiteko bideak jartzen saiatuko gara, segurarron bizimodua hobetzeko helburuarekin. Herritarron behar berriak kontutan hartuz, guztion bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin.
Egitasmo guztiak, berdintasun ikuspegia txertatuz burutuko ditugu, genero arrakalak identifikatuz eta berriak sortzea ekiditen saiatuz. Elkartasun eta ekitate baloreak indartu nahi ditugu jatorri, kultura edota egoera sozioekonomikoagatik inor alde batera gera ez dadin. Euskaraz eta euskaratik, gure kulturaren transmisioa eta sorkuntza bermatuz eta bultzatuz. Proiektu guztiak, herritarrekin batera abiarazi nahi ditugu, parte-hartzeen bidez herritarrei hitza bermatuz. Esaldi batean esateko, pertsona ardatz hartuta, herritar guztion bizitzak hobetzeko lan egingo dugu. Bihotzarekin lan egiten jarraituko dugu.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Segurako Hirigintza Araudiaren Plan Orokorra berrituko dugu. 90eko hamarkadakoa da gaur egun daukagun plana eta eguneratuta ez izateak egunerokoan nahiz etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasuna murrizten digu oztopoak jarriz.
Xesterialden etxebizitza berriak egingo ditugu herriko gazteen eskariari erantzunez. Lardizabal Jauregia berrituko da eta behingoz irisgarria izango da. Oxiña igerilekua ere berrituko da. Adin eta behar guztietako herritarrentzat egokitutako igerilekua izango da.
Energia berriztagarriak sortzeko helburuarekin, herritarrekin batera energia komunitate bat abian jarri nahi dugu. Ingurumena ardatz hartuta, mendiko lursailak erosten hasiko gara. Bestetik, hondakin organikoa herrian kudeatzen hasteko urratsa emango dugu.
Segura, herri hezitzaile kontzientea izateko lanean jarraituko dugu. Segurako umeek herriko erabakietan parte-hartzea sistematizatuko da.
Berriz aurkezten zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Lanean jarraitzeko ilusio eta gogo handiarekin, indartsu nago. Lau urtetan, udala eta herria askoz hobeto ezagutzea lortu dut eta nola ez, herritarrak ere bai. Maite dut Segura eta ni ere maitatua sentitzen naiz bertan. Lan asko dago egiteko eta horretan jarraitu nahiko nuke, herrikideen bizitzak hobetzen, nire eskuetan dagoen guztia emanez.
EUSKAL HERRIA BILDU (EH BILDU)
Titularrak
1. Izarra Urdalleta Iraola
2. Ainitze Arretxe Agirre
3. Egoitz Apaolaza Goena
4. Olatz Etxeberria Masa
5. Josu Agirre Jauregi
6. Estibaliz Ripa Saez de Maturana
7. Zadornin Gaztañaga Txapartegi
8. Iosune Telleria Petroch
9. Ekhi Albizu Telleria
Ordezkoak
1. Eñaut Telleria Urkia
2. Miren Sorkunde Pedrosa Pellejero
3. Iñaki Montero Zabala