Sega-belardia Oiangun, biodibertsitatearen alde
Aranzadi Zientzia Elkartea, Ordiziako Udala eta Almitza Sega Elkartea elkarlanean ari dira sega-belardia kudeatzeko, "kudeaketa motak biodibertsitatea lagundu edo kaltetu" dezakeelako.
Sega-belardiak sortu dituzte Oiangu parkean, biodibertsitatearen alde. Lur-zati bat hesitu dute, itxita mantendu dute eta sega-belardi bezala kudeatuko dute, udalak, Almitza Sega Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean.
Udalak azaldu duenez, “balio handiko habitatak dira naturaren kontserbazioaren ikuspegitik”. Baserriko bizitza eta landa-lanak uztearekin, gutxitu egin dira, eta baita bertan dagoen biodibertsitatea ere. “Landare espezieetan aberatsak izateaz gain, bertako fauna espezie ugari sostengatzen dute: intsektuak, hegaztiak, narrastiak, ugaztun txikiak…”. Intsektu polinizatzaileekiko elkarrekintzak “bereziki paper garrantzitsua jokatzen” duela jakinarazi dute, “biek egiten baitiote onura elkarri”.
Oiangun aisialdia, naturaren kontserbazioa eta sentsibilizazioa uztartzen ari da udala duela urte batzuetatik hona. Helburu horrekin sortu dute sega-belardia. Ez da lehen aldia. Azken aldian, sega-belardiko belarrarekin Oianguko meta egin zen Almitzarekin elkarlanean. Oraingoan, baina, hesituta utziko. Udalak eta Almitzak hitzarmena sinatuko dute, elkarteak belardiko lanak egin ditzan, Aranzadiren gomendioekin. “Izan ere, kudeaketa motak, mozketa aldiak, ongarriak eta abarrek, biodibertsitatea lagundu edo kaltetu dezakete”. Almitza Sega Elkarteak entrenamendurako edo beste ekitaldi batzuetarako erabili ahal izango du eremua.