SEGURA. Bi aukeren arteko lehian
Alkatetza EH Bildu eta EAJren artean erabakiko da. PSE-EEk ere zerrenda aurkeztu du. Sozialistek ez zuten ordezkaritzarik izan Segurako udaletxean aurreko bozetan.
EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dituzte hautagaitzak Seguran. Gauzak asko aldatu ezean, dena den, alkatetza EH Bilduren eta EAJren artean ebatziko da maiatzaren 28ko bozetan. Bi alderdiek gora egin dute aurreko bi hauteskundeetan: 404 bozkatik (2015) 426ra (2019) EH Bilduk, eta 355etik (2015) 399ra (2019) EAJk, hurrenez hurren. Sozialistak udalbatzatik kanpora geratu ziren 2019ko hauteskundeetan, aldeko bost bozka soilik eskuratu baitzituzten. Aurten, hala ere, berriz aurkeztu du zerrenda PSE-EEk, Maria Elvira Kortajarena buru duela.
Bigarrenez errepikatuko du zerrendaburua EH Bilduk. Izarra Urdalletak lanean jarraitzeko «ilusio eta gogo handiarekin» aurkeztu du berriz bere burua. «Pertsona ardatz hartuta, herritar guztion bizitzak hobetzeko» lan egingo dutela azpimarratu du eta horretarako talde «anitz, sendo eta langilea» osatu dute.
Segurako Hirigintza Araudiaren Plan Orokorra berritzea izango da EH Bilduren datorren legealdirako erronka nagusietako bat. «Gaur egun daukaguna zaharkituta dago eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasuna murrizten» duela uste du Urdalletak. Herriko gazteen eskaerari erantzunez, Xesterialden etxebizitza berriak egingo dituzte.
Autobusa plazatik ateratzea
Energia berriztagarria sortzeko helburuarekin «herritarrekin batera energia komunitate bat» abian jarriko dute. Erronka klimatiko eta energetikoez gain, demografiak, zaintzak edo ezberdintasun sozialek dakartzaten erronkei «aurre egiteko bideak» jarriko dituzte. Segura herri hezitzaile kontziente izateko lanean ere jarraituko dute, hondakin organikoa herrian kudeatzen hasteko urratsa emango dute, Oxiña igerilekua berrituko dute eta autobusa plazatik ateratzeko «behin-behineko irtenbidea» emango dute.
Ander Egaña lehengoz aurkeztuko da EAJren zerrendaburu gisa Seguran. «Ilusioz eta arduraz» ekingo dio erronka berriari eta «eskarmentu handia» duen lan taldeak ematen dion «konfiantzarekin».
Udal hirigintza planeamendua eguneratzeko beharra azpimarratu du EAJk, eta Seguran etxebizitzak egitea izango da jeltzaleen lehentasunetako bat. Herriko gastuak murrizteko beharra ere aipatu dute eta, besteak beste, «zabor bilketaren inguruan» herritarrei galdeketa luzatuko dietela aurreratu dute.
Zenbait azpiegitura berritzeko premia ere adierazi dute: «Igerilekua konpontzea, Erreboten estalpea egitea, futbol zelaian sarea egokitzea edo autobusa plazatik ateratzea», besteak beste. Aizkorpe bailarako herrian arteko lankidetza sustatuko dute, herriko tradizioak eta ondarea zaindu eta nekazarientzako laguntzak agindu dituzte. Industria hauspotzeko Goardin pabiloi berriak ere eraikiko dituzte.
Segurako 1.045 herritarrek dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko aukera. Segurako udalbatzari 9 zinegotzi dagozkio.
2019ko emaitzak
Botoak | Zinegotziak | |
EH Bildu | 426 | 5 |
EAJ | 399 | 4 |