«Segurarren beharrei eraginkortasunez erantzuteko lan egingo dugu»
Ander Egaña lehenengoz aurkeztuko da Segurako alkatetzara. Alderdiari «eskertuta» eta lan egiteko «ilusioz» dagoela azpimarratu du. Atzean, «segurarren beharrei eraginkortasunez erantzuteko eskarmentu handiko taldea» duela dio.
Zein ekarpen egingo dio zure hautagaitzak herriari?
Hori ez da nik erantzun behar dudan zerbait. Nire lan, ezagutza eta konpromisoa da eskaini dezakedana. Hortik aurrera, administrazioaren kudeaketan arituak, eskarmentu handia dutenak ditut taldean eta horrek berebiziko garrantzia izango du datozen lau urteei begira segurarren beharrei eraginkortasunez erantzuteko.
Zeintzuk dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Gure seme alabei Seguran bizi daitezen aukera eman behar al diegu? Horren erantzuna baiezkoa bada, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, ezinbestekoa da etxeen zaharberritzea batetik, eta etxe berriak egitea, bestetik. Azken hamarkadan gazteek kanpora begiratu dute bertan eskaintza nahikorik ez dagoelako. Horri buelta emango diogu.
Segurarrei zerbitzu hobeak eskaini nahi badizkiegu, ekonomia sendo bat beharrezkoa dugu eta industriak protagonismoa behar du. Goardiko industrialdean pabiloi berriak egiteko asmoa daukagu.
Herrian dagoen aparkaleku gabeziari ere erantzuna eman beharrean gaude udaletik.
Gainerakoan, beste hainbat gairi ere helduko diegu: autobusa plazatik pasa ez dadin erabakiak hartu behar dira, igerilekua konpondu behar da, futbol zelaiko sare, aldagela, tabernak etab. egokitu behar dira. Galtzak bete lan izango dugu hurrengo lau urteetan.
Aurrenekoz aurkezten zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Batetik eskertuta, herriari zerbitzu bat emateko aukera eskaini didalako alderdiak. Bestetik, ilusioarekin, gauza asko daudelako egiteko. Horrek berak ardura punttu bat ere sortzen dit. Egunerokoan halere, ohituta nago erabakiak hartzen eta horrek konfiantza ematen dit.
EUSKO ALDERDI JELTZALEA (EAJ)
Titularrak
1. Ander Egaña Lekuona
2. Alfredo Etxeberria Murua
3. Amaia Etxeberria Etxeberria
4. Aitor Mikel Urrutia Oianguren
5. Bittori Zabala Fernandez
6. Jose Maria Muñoa Ganuza
7. Uxue Etxebeste Zubimendi
8. Ainhoa Anduaga Cantero
9. Maria Isabel Telleria Urbizu