ZALDIBIA. Eredu bitasuna Zaldibia batean
Alkategai berria gidari duela, lehendik datorren esperientziari jarraitu nahi dio EH Bilduk. Udalgintzarako beste modu bat eskaini du EAJk, bere bigarren bozetan.
Duela lau urteko hauteskunde eskaintza berbera izango dute Zaldibiako hautesleek igandean. Udal gobernuan den EH Bilduk Ioritz Berra zerrendaburu berria jarri du. EAJk, alderdiaren siglapean bigarren deialdia duenean, Garbiñe Mendizabalen aukera egin du oraingoan ere. Hirugarren hautagaitza PSE-EEk ekarriko du, kanpoko hautagaiekin eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko zuzendari nagusi Cesar Gimeno buru jarrita.
Egoera sozioekonomiko-politiko orokorrean aldaketa eragin nahian, herritik hasiko den jarduna egin nahi du EH Bilduk. «Hurrengo urteetan aldaketa sakonak» etorriko direla aurreratu, eta kapitalismoak eta neoliberalismoak sortutako eredua aldatzea da «erronka».
Zer eta norantz egitearekin batera, «nola» egitea garrantzitsutzat jota, «udalgintza herrigilea» proposatu du bide-orritzat. «Gure modua besteengandik desberdina da. Udaleko jardunak herria egitea du helburu, herritarrekin batera eta herritarrak ahaldunduz», dio programan.
Zaldibia lantzeko moduaren abiapuntu gisa, herriko plazaren eraberritzea jarri du adibidetzat EH Bilduk. Ekainean zehaztuko den proiektua 2023-2027 epean gauzatzeko konpromisoa hartu du. Eraldaketa «eremu askotara» zabalduko dute.
Herrigintzaren kultura berreskuratzea eta indartzea, komunitatea eta zaintza, bizitza duintzeko oinarrizko beharrak asetzea, energia eta bertako ur hornidura, lurra eta elikadura (bertako ekoizleak, Goizane nahiz Biziola) eta mugikortasuna eta zerbitzuak nabarmendu dituzte lau urteotarako proiektutzat.
Bizikidetza eta zerbitzuak
Hamar puntutan laburbildu du EAJk maiatzaren 28an hautesleen aurrean balioztatu beharreko eskaintza, Aurrera, batera. Zaldibia lelopean. Sektorekako edo arlokako proposamenen ondoren, bizikidetzari egiten dio erreferentzia azkenak: «Elkarbizitzari errespetuz heldu» behar zaiola iritzi dio, eta «gizarte antolatuaren jarrera, balio eta portaera demokratikoetan sakondu».
Ekonomia eta zerbitzu publikoak bermatzea, eta azpiegiturak mantentzea dira lerroburu batzuk. Karabana eta autokarabanentzako gunea antolatzea proposatu du. Baserriari dagokionez, baserritarren «parte-hartzea bermatu», eta baserrietara zuntz optikoa eraman eta lursailen mugarritze digitala egin nahi ditu EAJk.
Enirio-Aralarri dagokionez, parke naturalaren araudia «bertako errealitatera» egokitu behar da, aldundiarekin batera. Osinberdeko ur-kanalaren «arazoa» ere aztertu beharreko jo du.
12-16 urte bitarteko gaztetxoentzat lokal bat eta zerbitzua jarri, adinekoen eguneko zentroa herrian jartzen ahalegindu, eta jangela autogestionatua bakarrik bizi direnentzat ere zabaltzea proposatu ditu.
Errolda: 1.164 herritar deituta.
Zaldibiako 1.164 herritarrek dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko aukera. Zaldibiako udalbatzari 9 zinegotzi dagozkio.
2019ko emaitzak:
EH Bilduk 518 boto, 6 zinegotzi
EAJk 263 boto, 3 zinegotzi