«Etxean baino askoz hobeto jotzen dut jendaurrean»
Imanol Larzabal, Amaia Zubiria, Pier Paul Berzaitz eta Xabier Lete izan ditu kide, besteak beste, Karlos Gimenezek. Haiekin egin zituen abestiak X5 kolektiboarekin aurkeztu ditu orain.
X5 Kolektiboak Abestiak gogoan (Vaiven, 2022) diskoa kaleratu zuen iaz. Karlos Gimenezek (Rosario, Argentina, 1956) bere ibilbide profesionalean oholtzakide izan dituen abeslari askorentzat konposaturiko kantuak bildu dituzte bertan. Joan den igandean eman zuten lehen kontzertua, Donostian.
Kontzertuen aurretik atera zenuten diskoa. Nolatan?
Bueno, Iñaki Salvadorrek eta biok elkarrekin jotzen oso ondo pasatzen dugunez, aspaldi pentsatu genuen zerbait grabatzea. Berak komentatu zuen nire errepertorioa izan zitekeela aukera bat, eta nire bizitza profesionalean zehar egindako abestiak aukeratzeko esan zidan; horrekin egin genezakeela. Orduan deitu genituen Petti, Francisco Herrero eta Nerea Gorriti.
Kantu horiek berreskuratzeak eraginik izan du zugan?
Oso zaila izan da aukeraketa egitea. Dena den, saiatu naiz berritzen eta bertsio berriak egiten aukeratutakoekin. Iñaki Salvadorrek zenbait berritu ditu, eta neuk ere abesti batzuen akordeak moldatu ditut; egia da taldean konplizitate berezi bat sortu dela, eta horrek asko lagundu dio musikari.
Nabari da taldearen sintonia on hori diskoan?
Horixe baietz. Entseguetan primeran egon gara, eta gero grabaketa oso azkarra izan da. Bi egunetan grabatu genuen diskoa. Ia-ia zuzeneko baten gisara.
Oholtzan hainbesteko esperientzia izateak zer ekarri dizu?
Hor ikasi daiteke asko, eta nik ere zorte handia izan dut Imanol Larzabalekin, Antton Valverderekin, Xabier Leterekin eta Pier Paul Berzaitzekin jotzeko aukera izateagatik. Oholtzan egoteko lasaitasuna eta kontzentrazioa ez galtzeko ohitura irabazten dituzu behintzat. Jendaurrean hobeto jotzen dut etxean baino. Ez dakit ondo adierazten hitzez, baina hor magia bat sortzen da, eta horrek asko laguntzen dit.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.