EZKIO ETA ITSASO. Hauteskundeetan bat izatera derrigortuta
Itsasoko ordezkaritza izango du Ezkio Eraikiz udal taldeak. Auzo udal izateak «entitate juridiko propioa» emango dio Itsasori. Izendapenarekin Ezkiok ere «zama kenduko» du.
Ezkio Eraikiz herri plataformak eta PSE-EE alderdiak aurkeztu dituzte zerrendak Ezkio-Itsasoko udaletxean. 2019ko bozetan herri plataformak irabazi zituen hauteskundeak 229 boto eskuratuta. Sozialistek 28 boto izan zituzten, baina, orain artean ez dute inoiz ordezkaritzarik lortu Ezkio-Itsasoko udaletxean.
Udal eta foru hauteskundeak Itsasok auzo udal izendapena eskuratzeko abiatutako prozesuaren erdian egokitu dira aurten. 2020ko uztailean Espainiako Auzitegi Gorenak Itsasori herri izaera ematen zion Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru dekretua baliogabetu ondotik, 2021eko urtarrilaz geroztik herri bakar dira berriz, Ezkio eta Itsaso. Orduan jarri zuten abian auzo udal izateko prozesua.
Madrildik hartutako erabakiak Ezkioko Udaleko jarduna berrantolatzea suposatu zuen berriz. «Nahiz eta Madrilek herri izaera kendu, garbi izan dugu beti Itsasok baduela bere herri izaera propioa eta horrek nolabaiteko antolaketa bat eskatzen zuela», esan du Joseba Telleria Ezkioko alkateak. Hala, udaleko funtzionamendu irizpideak aintzat hartuta, hitzarmen bat sinatu zuten Ezkio Udalaren eta Itsasoko Batzordearen artean. «Bitarteko funtzionamendu bat adostu genuen, urte beteko eperako», zehaztu du Gorka Sasieta Itsasoko Batzordeko kideak. Prozesua luzatu egin da, ordea, eta hitzarmena berrituz joan dira.
Prozesua luzatu egin da
Itsasok «herri zenean bezalako autonomia mantentzea» izan da hitzarmenaren xedea Telleriak esan duenez. «Aurrekontuen kudeaketak eta langileen antolaketak, besteak beste, Itsasoko batzordearen esku jarraitzen du», zehaztu du Sasietak. 2020ko irailean egin zuten aldundian auzo udal sortzeko eskaera eta orain, prozesua azken fasean dago. «Jada ezarrita dagoen legeari xedapen bat gehitu behar zaio Itsaso auzo udal izateko. Eskaera luzatu behar diegu Batzar Nagusiak osatzen dituzten alderdi guztiei, haiek, ondoren, gaia aldundira bideratu eta azkeneko onespena emateko», azaldu du Sasietak. Hauteskunde kanpaina tarteko, Batzar Nagusiak berriz eratu arte «izoztuta» dago orain prozedura.
Behin, auzo udal izendapena lortuta, Itsasok autonomian irabaziko du, «entitate juridiko propioa izango du. Itsasorentzat ez ezik, Ezkiorentzat ere garrantzitsua izango da», baina Ezkioko Udalaren menpeko izaten jarraituko du. Iritzi berekoa da Telleria, «gure arteko funtzionamendua berdintsua izango da baina Itsasok eskumen gehiago izango ditu, eta Ezkiok zama ere kenduko du», esan du.
Bitartean, hauteskunde hauek baliatuko dituzte dagoeneko indarrean dagoen hitzarmen horri nolabaiteko lege-izaera emateko. Hala, Ezkio Eraikiz taldearen zerrendetan aurkeztuko da Gorka Sasieta Itsasoko batzordearen izenean, «udal jarduneko hainbat eskumen bere gain hartzeko» aukera izan dezaten.
Itsasoko batzordeak prozesuaren inguruan martxoan zehar egindako herri galdeketan parte hartu zutenen %86,4k eman diote babesa auzo udal izendapenari. Auzo udal bezala, etorkizunean heldu beharreko zenbait gai ere zehaztuta dituzte jada. Horien artean, «etxebizitza eskuratzeko beharrak bermatzea edo baserri edo landa eremuko bizitegien etorkizuna ziurtatzea» lehenetsi dituzte. «Ingurune naturalaren zaintza, gizarte zerbitzuak eta laguntza beharrean dauden pertsonen zaintza, biztanleria igotzeko erronka, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak bermatzea edo eskolaren aldeko sustapena» ere aipatu dituzte.
Dagoenari jarraipena eman
Ezkion, «gizarte zerbitzuak indartzen» jarraitzeari garrantzia eman dio Telleriak. «Herritarrak herrian bertan geratzeko aukerak» ere aztertuko dituzte, eta industriari dagokionean, eremua ordenatuko dute. Eskolarekin batera, euskara eta kultur alorretan eragiten jarraituko dute. Ur hornidura sarea osatuko dute eta Zumarragarekin lotuko dituen bidegorri zatia amaitu.
Ezkioko eta Itsasoko 474 herritarrek dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko aukera. Ezkio-Itsasoko udalbatzari 7 zinegotzi dagozkio.
2019ko emaitzak
Botoak | Zinegotziak | |
Ezkio Eraikiz | 229 | 7 |