Hamarnaka lagun elkartu dira Ataunen AHTaren aurka
"Irizpide teknikorik gabeko erabaki politikoak hartzeak ondorio larriak" izan ditzakeela nabarmen dute deitzaileek, eta jarrera hori "erabat arduragabetzat" jo dute.
Natura eta landa-lurrak suntsituz ezin da herria eraiki! lemapean, hamarnaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Ataungo San Martin plazan. Ataungo Otsotarrak taldeari eta Goierriko Landarlan Ingurumen Elkarteari “harrigarria” iruditu zaie zundaketak egin aurretik, “eta beraz, informazio tekniko fidagarririk izan gabe, dagoeneko negoziaketa politikoen bidez trenaren nondik joango den erabaki izana”. Deitzaileen iritziz, “irizpide teknikorik gabeko erabaki politikoak hartzeak ondorio larriak” izan ditzake, eta jarrera hori “erabat arduragabetzat” jo dute.
“Larritzat, oso larritzat” izendatu duten informazio batek behartu ditu gaurko protesta ekitaldia egitera. Elkarretaratzearen helburua “informazioa gizarteratzea” dela esan dute, eta horren arabera, “erantzun bateratua” antolatzea.
Proiektua ikusgai Interneten
Momentuan eskura duten informazioaren arabera, Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA) Nafarroako AHTa Euskal Y-arekin lotzeko bi alternatiba ditu mahai gainean: “Lehena, Iruñetik Gasteizera joango litzateke; bigarrenak berriz, Iruñea eta Ezkioko geltokia lotuko lituzke Aralar zeharkatuz. Bigarren alternatiba honen azterketa teknikoarekin hasi dira eta dagoeneko Sakanako zein Goierriko udalerriek Espainiako Ministerioaren aldetik zundaketa lanak egiten hasteko oharra eta zehaztapenak jaso dituzte. Aipaturiko proiektua ikusgai dago Garraio Ministerioaren atarian”.
Ministerioaren txostenaren arabera, Iruñea eta Ezkio lotuko lituzkeen trenbidea Lakuntza inguruan sartuko litzateke lur azpian, eta Ataun alderik alde zeharkatuko luke, hegoaldetik ipar-mendebaldera arte. “Altzaniaren eta Atxurbideren azpitik pasako litzateke, Idiazabal eta Olaberria artean irten eta Ezkio-Itsasora iristeko. Proiektuko mapetan zehazturiko ibilbidea kontuan hartuz, Ataunen trenbidea bistan geratuko litzateke Lauztierrekan eta baita Motasoron ere”.
Azpiegitura gehiago eraiki beharra
AHTaren eraikuntza lanek “tunelak eta trenbideak baino azpiegitura gehiagoren” eraikuntza suposatzen dutela ohartarazi dute. “Mantenu, larrialdi eta bestelako zerbitzuetarako tunel nahiz sarbide berriak, hauetara iristeko errepideak nahiz eraikuntza lanetan mugitutako materialak pilatzeko hondakindegiak ere eraiki behar izaten dira, besteak beste”.
EAJri egotzi diote Nafarroako tren azpiegitura Euskal Y-arekin konektatzeko Aralar zeharkatu eta lotura Ezkion egitearen alternatiba lehenestearen erantzukizuna. “Izan ere, alderdi politiko honek berak proposatu zuen ibilbide hau Europako Parlamentuan eta ekimen honen ondorioz egin du aurrera alternatiba honek. Aipatu behar da, oraindik ez dela ibilbide honen inguruko txosten teknikorik garatu”.
“Erabat ulergaitza eta arduragabea”
Bi elkarteok AHTaren Aralarko saihesbidea eta AHTaren proiektua bere osotasunean “bertan behera uzteko” eskatu dute beste behin. “Bizi dugun ziurgabetasun, klima larrialdi eta krisi ekosozial honen aurrean ez da onargarria hainbesteko baliabide eta dirutza beharrezkoa ez den megaproiektu honetan xahutzea, alternatibak badaudelako”.
Horrez gain, nabarmendu dute “erabat ulergaitza eta arduragabea iruditzen” zaiela “natura eta gure landa-eremua eta bertako jarduerak berpiztu behar genituzkeen testuinguru honetan, hauek suntsitzeko inertziari eustea”. Gizarteari ere egin diote dei: “Orain herritarron garaia da, megaproiektu honen aurrean gure ezetza adierazi eta alternatibak garatzeko unea da. Indarrak elkartu eta erantzuteko garaia”.