Orientazio jolasak doan Goierriko parketxeetan
Ataungo Barandiaran museoan eta Zegamako Anduetza parketxean izango dira saioak igandean, 11:00etan hasita. Familia edo talde guztiek opari bat jasoko dute bukaeran. Aurrez izena eman beharra dago.
Europarc federazioaren ekimenez, gaur, maiatzaren 24, Europako natura-parkeen eguna ospatuko da. Urteurren horrek duela mende bat baino gehiago Suedian Europako lehen parke nazionalak izendatu izana gogorarazten du.
Egun berezi honi merezi duen garrantzia emateko, Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak orientazio jolasak antolatu ditu Gipuzkoako lau natura-parkeetan maiatzaren 27 eta 28rako. Jarduerak familian edo taldean egiteko pentsatuak daude eta askotariko gaiak izango dituzte ardatz.
Goierrin daude parketxe horietako bi, Ataunen eta Zegaman. Ataunen mitologia izango du ardatz orientazio jolasak, Jentilen lurraldean iparraren bila goiburupean. Zegamako Anduetzan, berriz, basoaz ariko dira, Anduetza inguruko altxorrak izenpean. Bi saioak igandean dira, 11:00etan hasita.
Parte-hartzaileek inguruko kultur paisaiei eta natura ondareari buruzko galderei erantzun beharko diete ibilbidean zehar aurrera egin ahal izateko eta, bide batez, orientazioaren (ipar-orratzaren…) oinarrizko ezagutza bereganatuko dute. Familia edo talde guztiek opari bat jasoko dute bukaeran.
Izena eman behar da aldez aurretik
Parte hartzeko aldez aurretik izena ematea derrigorrezkoa.
Aralar parketxea (Ataun): 943 18 03 35 / barandiaran@gipuzkoanatura.eus
Anduentza parketxea (Zegama): 943 80 21 87 / anduetza@gipuzkoanatura.eus