«Aurkezpenenik onena egin dugun lana da»
Ze ekarpen egin diezaioke EAJren hautagaitzak Urretxuri?
Gure proposamenari jarraipena emateko apustua egin dugu. Bukatzear dagoen agintaldian Urretxurentzat garrantzitsuak diren eta etorkizunean garatu eta kudeatu beharko diren hainbat egitasmoren oinarriak ezarri ditugu. Horiek guztiak eta etorriko diren beste batzuk gauzatzeko 2019. urteko hauteskundeetako emaitzak berretsi nahi ditugu.
Zortzi urte hauetan EAJk gizarteko sektore guztiekin hitz egiteko borondatea duela erakutsi du eta urretxuarrak entzuten jarraituko dugu, harik eta akordio maila altuena lortzeko. Alderdi politiko, erakunde, eragile sozial zein ekonomiko eta, oro har, herritarrekin daukagun lankidetza udal gobernuaren jardunaren erdigunean jartzen jarraituko dugu. Izan ere, lan egiteko modu horrekin, Urretxu osoak irabazten du.
Berriz aurkezten zara alkate izateko, nola ikusten duzu zure burua?
Nire burua talde baten beste partaide bat bezala ikusten dut. 2015ean aurkeztu genuen ia talde berberarekin gatoz. Berez, gure taldearen aurkezpenik onena azken urte hauetan egin dugun lana dela uste dut. Talde sendoa dugu. Talentua, ilusioa eta konpromisoa uztartzen dituzten hamasei emakume eta gizon gara. Adin eta jatorri ezberdinekoak, udalaren kudeaketan ibilbidea eta eskarmentua dugu eta guztiok komunitate osoaren alde lan egiteko gogoa dugu.
Zeintzuk dira zuen proiektu nagusiak?
Gure xedea da guztion ongizatea oinarri duen Urretxu baten alde lan egiten jarraitzea.
Aurreko urteetan bezala, udalaren giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen kudeaketa egokiak ezinbestekoak izango dira guretzat. Biztanleko udal-gastua 1.140 eurokoa zen 2016an, eta 2023an 2.075 eurokoa da. Zifra hori Gipuzkoako eta eskualdeko bataz bestekoaren oso gainetik dago eta legegintzaldi honetan inbertsioak 12 milioi eurotik gorakoak izan dira. Udal aurrekontua 9 miloi eurotik 14 milioira igo da 2019tik. Geneukan zorra kitatu dugu eta 4 miloi euroko diruzaintza-gerakina izango du, eskura eta erabilgarri, Urretxuko hurrengo udal gobernuak.
Hortik abiatuta, EAJk hurrengo lau urteotan gauzatuko dituen proiektu garrantzitsuenak ondorengoak dira: pertsona eta kolektibo zaurgarriei zerbitzu eta arreta soziala bermatzen jarraituko dugu, berdintasun eta elkartasun irizpideei jarraiki gure gizarte ekosistema sendotuz. Ekiolaren eredua jarraituz, komunitate energetiko bat gauzatzeko lurra eskuratu dugu eta proiektua berehala sozializatuko dugu. Pagoetako proiektua bukatu nahi dugu, bertan Aspaceko zentro integral berria ezarriko dugu, adinekoentzat etxebizitzak martxan jarriko ditugu eta Pagoetako Kultur Gunea egokituko dugu herritar zein kanpotar ororen gozamenerako. Lilibason gazteentzako etxebizitza sozialak egingo dira, horiek alokatu eta euren bizi proiektuak eraikitzeko aukera izan ditzaten. Legealdiko proiektu garrantzitsua ALDIRIBI kiroldegi berria da, azken bi urteetan lantzen jardun duguna eta gure kudeaketa mailaren neurria emango duena. Izan ere, , aipatutako proiektu horiek guztiak aldi berean eta beste askorekin (BMko eta Mundo Mejorreko aparkaleku berriak, goiko auzoetara zerbitzua emango duten igogailuak, Aparizio eta San Martineko auzoetan eta Matxinporta kalean pendiente geratzen diren urbanizazio lanak….) batera egitea da gure proposamena.
Garapen ekonomikoari dagokionean, EAJk sektore guztiei erreparatuko die orain artean egin bezala. Are eta gehiago pandemiaren ostean. Industriari dagokionez, besteak beste enpresa eta jarduera ekonomiko berriak bultzatutako ditugu Irimon, Sarralden eta Bengoleako guneetan. Merkataritza babestuko dugu jarduera konkretuen bitartez. Alde Zaharrak protagonismo berezia izango du jarduera horietan. Nekazaritzaren alorrean tokiko ekoizleei babesa emango zaie ekoizpenean eta baita komertzializazioan ere.