«Goitik beherako kudeaketa alboratuko dugu»
Zer ekarpen egingo dio zuen hautagaitzak herriari?
Urretxu herri atsegina da bizitzeko, herritar zoragarriz osatutakoa eta urretxuar izateaz harro gaudenak. Halere, desoreka nabarmenak ditugu herrian: herritarren %80ak herritik kanpo lan egiten du, langabezi-tasa Gipuzkoako bataz bestetik gorakoa da, zerbitzu publikoen desmantelazioa ematen ari da, biztanleria zahartzen ari da, eta abar luze bat. Udalak paper nagusi bat jokatu behar du martxan jartzen diren proiektuetan herritarren ahotsa eta gobernantza kooperatiboa bilatzeko orduan. Goitik beherako kudeaketa alboratu eta proiektuak aurrera ateratzeko orduan bide partekatuak bilatuko ditugu, batez ere kultura, kirol eta arlo sozialeko eragileekin, baina baita norbanakoekin ere.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Zaintza ekosistemari bultzada handia emango diogu, udal politikaren zentroan jarriz: etxez etxeko zerbitzua indartu eta herrian zein eskualdean ditugun eragileak barnebilduko ditugu, anbulatorioa edo ospitaleko bezalako eragileekin elkarlana sustatuz. Belaunaldien arteko etxebizitzak eraikiz, helburu bikoitzarekin: adinekoen bakardadeari aurre egin eta gazteen emantzipaziorako urratsak emanez.
Pagoeta edo Aldiri2 proiektuak ere abiatuko dira datorren legegintzaldi honetan, eta konpromisoa hartzen dugu inplikatutako eragile zein norbanakoek protagonismoa izan dezaten beraien diseinu eta inplementazioan.
Zumarragarekin elkarlana ezinbestekoa da, egun bizkar ematetik, kooperazioan jauzia emango duena, “zentzu komuna” aplikatuz. Kirol patronatu bateratua, ADIFeko lurretan aparkaleku disuasorioa edota “Osasun etxearen” proiektuak planteatzen ditugu modu bateratuan. Euskararen kale-erabilerak sakonki kezkatzen gaitu eta hizkuntza-politika ausarta eramango dugu aurrera, aisialdia eta kultur sorkuntza arnasgune bilakatuz.
Aurrenekoz aurkezten zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Guztiz ilusionatuta eta Urretxuko alkateak izateak eskatzen duen ardura guztiarekin. Osatu dugun taldeak sekulako indarra ematen du parez pare ditugun erronka eta proiektuei aurre egiteko.