Gehiengo absolutua gako
Lau aukeren artean erabaki beharko dute urretxuarrek maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan: EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP. Oraingoan, Elkarrekin Podemosek ez du hautagairik aurkeztu.
Lau aukeren artean erabaki beharko dute urretxuarrek maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan: EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP. Oraingoan, Elkarrekin Podemosek ez du hautagairik aurkeztu. EAJk aurreko bi hauteskundeetako alkategai bera aurkeztu du: Jon Luqui (alkatea 2015etik gaurdaino). EH Bilduk eta PSE-EEk alkategai berriak aurkeztu dituzte: Jon Altolagirre eta Alex Gonzalez. Altolagirre zinegotzia izan zen 2011-2015 legealdian eta Gonzalez gaztea lehenengoz aurkeztu da hauteskundeetara. 2019an EAJk zazpi zinegotzi lortu zituen (gehiengo absolutua), EH Bilduk lau eta PSE-EEk bi. Elkarrekin Podemosek eta PPk ez dute ordezkaririk.
Ekonomia
EAJk Ipeñarrietako zuzengunean hainbat egitasmoa aurrera atera nahi ditu. Telleria enpresak bere lantegi berria bertan ireki behar du eta gasolindegi bat ere egin behar da. Horretaz gain, EAJk Sarralde bota nahi du eta enpresak bertara erakarri. Merkataritzari dagokionez, alde zaharraren berpiztea sustatzen jarraitu nahi du. Merkataritzan, merkatariekin elkarlanean Merkataritza Plana egingo dute. Helburua lehiakorrak izateko erremintak ematea izango da.
EH Bilduk «industria aurreratua» nahi du. Irimon eta Kaminpen kalitatezko lanpostuak, teknologia eta dibertsifikazioa nahi dituzte. Balio erantsi aktibitateak. Horretarako, Uggasarekin lan egin nahi dute Urretxuk Schwarzenbruckekin (Alemania) duen harremana baliatu. Merkataritzari dagokionez, Ipeñarrieta eta alde zaharra berreskuratu nahi dituzte. Bi-Tarteanekin lan egin nahi dute bertako dendetan erosteko plana bultzatzeko.
PSE-EEren hurrengo legegintzaldirako helburu nagusietako bat garapen ekonomikoa eta enplegua sustatzea da. Tokiko produktuen merkatu bat sustatu nahi dute. Horretarako, alde zaharreko lokalak egokituko dituzte. Era berean, gazte enplegua sustatu nahi dute, enpresetako praktika programen bidez eta Lanbide Heziketako zentroekin hitzarmenak eginez.
Etxebizitza
Etxebizitzari dagokionez, EAJk Lilibason gazteentzako alokairuzko etxebizitza sozialak egiten ari direla gogoratu du. Horretaz gain, hutsik dauden lokalen azterketa egin nahi du, bizitzeko baldintzak betetzen dituztenetan etxebizitzak egiteko.
EH Bilduk alokairuzko etxebizitzen eskaintza indartu nahi du «gazteen egoera zaurgarriari aurre egiteko». Horretarako, Elgearen lantegia dagoen lursailean belaunaldi ezberdinekoentzako etxeak egin nahi dituzte. Helburua adinekoen bakardadea saihestea eta gazteen emantzipazioa bultzatzea da.
PSE-EEk alokairu publikoko etxebizitza parke bat sortzearen alde lan egin nahi du.
Gizarte politikak
EAJk tokiko zaintza ekosistema aipatu du. «Asko hitz egiten da biztanleriaren zahartzeaz eta bakardadez. Guk urteak daramatzagu horretarako prestatzen. Gizarte Ekintza arloa indartu dugu, langile gehiagorekin. Eta eguneko zentroko langileen eta etxez etxeko arreta zerbitzuko langileen soldata %13,4 igo dugu. Gizarte Ekintza sail indartsua dugu eta, horri esker, Pagoetan Aspaceren eguneko zentro berria eta adinekoentzako apartamentu tutelatuak egiten ari gara eta Lilibason gazteentzako alokairuzko etxebizitzak».
EH Bilduk zaintza politikaren erdigunean jarri nahi du. Zerbitzu gehiago eskaini eta belaunaldi ezberdinen arteko hartuemana bultzatuko duten etxebizitzak eskaini. Baita etxez etxeko zerbitzua indartu eta zaintzaileak zaindu ere. Helburua adinekoen bakardadea saihestea eta gazteen emantzipazioa bultzatzea da. Gizarte kohesioa ardatz izango duen parte hartze prozesu bat bultzatu nahi dute.
PSE-EErentzat ere gizarte zerbitzuek lehentasuna dute. Tutoretzapeko etxebizitzak edo zerbitzu jakin batzuk dituzten apartamentuak sustatu nahi dituzte adinekoentzat edo premia bereziak dituzten pertsonentzat, eta zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetu nahi dute. Helburua adinekoen ongizateari eta bizi kalitateari eustea da. Horretarako, belaunaldien arteko proiektuak sustatuko dituzte, irisgarritasuna hobetuko dute eta zaintzara bideratutako gizarte zerbitzuen eredua sustatuko dute.
Kultura, kirola, euskara
EAJk, kirolari dagokionez, AldiriBi kiroldegiaren eraikuntza eta bi bidegorri aipatu ditu: Aparizio auzoa Kaminperaino heltzen duenarekin lotu nahi du eta aldundiari Urretxu-Antzuola bidegorria egiten lagunduko dio. Euskara arloan, Euskara Plana eta Bikain ziurtagiria dira bide orriak aipatu dituzte programan. Kulturari dagokionez, Pagoeta gune soziokulturalean igogailua egin nahi du eta bertako akustika hobetu.
EH Bilduk kultura «funtsezkoa» dela dio. «Are gehiago gure kasuan, euskara dela eta. Kultur azpiegiturak aztertuko ditugu, gabeziak eta indarguneak detektatzeko. Kultur eragileekin lan egingo dugu. Pagoeta gune soziokulturalaren ondoan Aspaceren eguneko zentroa, etxe tutelatuak, emakumeen etxea, Aldiri Bi kiroldegia eta ikastola izango ditugu. Hori dela eta, gune soziokulturala lankidetzarako eta sormenerako oso gune egokia izango da». AldiriBi kiroldegia «aukera bikaina» dela uste dute. «Aldiri Bi diseinatzeko proiektua martxan jarri nahi dugu, eragileekin. Beharrak aztertu nahi ditugu: rokodromoa, padel pistak, bestelako kirolak egiteko gelak…».
PSE-EEk kirol elkarteen beharrak aintzat hartu ditu. Hala, Urretxuko lokalak birgaitzeko lana aprobetxatuz, lokal horiek entitate horiei laga nahi dizkie. Besteak beste, Goierriren mendi sailari.
Hirigintza
EAJk obra asko aurreikusi ditu: Ipeñarrietatik Apariziora doan espaloia berritu, Aparizio berrurbanizatu, Adif-en lurretan 300 autorentzako aparkalekua egin, Pagoetako hotelari irtenbidea eman, Lilibaso urbanizatu, Mundo Mejorren 30 autorentzako aparkalekua egin, bi igogailu egin Sorginzulo eta Basagasti Labeaga kalearekin lotzeko, Gainzuri ikastetxean 1.100 metro koadroko jolastoki berria egin, BM eta Labeaga lotuko dituen igogailua egin, Gurutzen haurrentzako parkea egin…
EH Bilduk Zumarragarekin elkarlana «ezinbestekoa» dela dio. Urretxuko eta Zumarragako EH Bilduk hainbat proposamen aurkeztu dituzte: disuasio aparkaleku handi bat Adif-en lursailean eta Osasun Etxea Urolako trenaren geltoki zaharrean, besteak beste. Gainera, herrigunetik kanpo dauden auzoetan «inbertsio plan anbiziosoa» jarriko du martxan, irisgarritasuna hobetuz eta aisialdi guneak berrituz eta berriak sortuz.
PSE-EEri dagokionez, alde zaharreko lokalak egokitu nahi ditu eta 2 eta 11 urte bitarteko haurrentzat ludoteka bat egin nahi du, besteak beste.
Urretxuko 5.290 herritar (bertan erroldatutakoak eta 18 urtetik gorakoak) daude maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa ematera deituta.
13 zinegotzi. Urretxuko udalbatza 13 zinegotzik osatuko dute 2023-2027 legealdian. Ekainaren 17an egingo dute kargua hartu eta udala osatzeko ekitaldia.
2019ko emaitzak
EAJk 1.697 boto eta 7 zinegotzi lortu zituen.
EH Bilduk 1.171 boto eta 4 zinegotzi lortu zituen.
PSE-EE 536 boto eta 2 zinegotzi lortu zituen.
Historikoa
1979-83. Juanito Arbizu (Ind.)
1983-87. Leon Arrieta (EAJ)
1987-91. Ramon Arbizu (EA)
1991-95. Ramon Arbizu (EA)
1995-99. Pello Gonzalez (EA)
1999-03. Pello Gonzalez (EA-EAJ)
2003-07. Pello Gonzalez (EA-EAJ)
2007-08. Iñaki Zabala (EAE)
2008-11. Oihane Zabaleta (Bildu)
2011-15. Jon Luqui (EAJ)
2015-19. Jon Luqui (EAJ)
2019-23. Jon Luqui (EAJ)