Saltzaile berriak iritsi dira feriara, eta aspaldiko bat itzuli
Bedaioko Balerdipeko etxearen lehen eguna izan da Ordizian; eztia eta eztiarekin egindako produktuak saltzen dituzte. Gereziak ere iritsi dira, Gabiriatik.
Bedaiotik iritsi dira saltzaile berriak Ordiziako feriara. Eztia, eta eztiarekin egindako produktuak saltzen dituzte. Balerdipeko dute izena, eta proiektu horren atzean bi gazte daude: Inazio Arin eta Mattin Jauregi.
Inaziori egokitu zaio gaur goizean feriako debuta, eta pazientzia hartuta, postu berrira hurbildu diren guztiei azaldu die zer egin eta zer saltzen duten, produktu bitxi batzuk horien artean. Eztia dago guztiaren atzean, eta une honetan eztirik ez badute ere, horrekin egindako produktu gastronomiko batzuk bai, hala nola, kakao krema beltza eta zuria, pralinea, ezti ozpina eta pesto saltsa. Eztiarekin xaboia, ukenduak eta ezpainetarako babesleak ere egin daitezkeela erakutsi dute Balerdipekoek, eta horiek ere saltzen dituzte, propoliarekin, polenarekin eta argizariarekin batera. Era bateko zein besteko produktuekin osatutako opari kaxa dotoreak ere badituzte salgai. Kaxa gastronomikoan, feriara joaten den Beñat Telleriak egindako behi gazta ere badago sartuta, eztiarekin batera, gazta arrunta zein urdina.
Beraz, aukera berriak izango dira salgai aurrerantzean Ordiziako ferian.
Gabiriako gereziak
Jose Antonio Elosegi, aldiz, ez da berria feria honetan, baina baziren hilabete batzuk postua jartzen ez zuela. Gaur hasi du aurtengo fruta salmenta denboraldia, beste urteetako garai bertsuan, eta gereziak jarri ditu salgai hasteko. Gabiriako gereziak ziren, kiloa 5,5 euroan, eta estimazio handia izan dute erosleen aldetik.
Sagarrekin hasteko aste batzuk falta direla esan du Elosegik, eta urte ona datorrela ere bai: «Aurten ikusten dira sagarrak!». Hala ere, iaz garai honetan egin zuen txingor eta harri zaparradarik ez ote den etorriko ere aipatu du.
Zizak, ugari berriz ere
Perretxikoen atalean, zizen kantitatea izan da aipagarriena, 223 kilo (28-40 euro artean). 53 kilo onddo (32-33 euro), 25 kilo ziza hori (25-30 euro) eta 5 kilo marasmio jangarri (15 euro) ere izan dituzte aukeran Lasak, Barcinak eta Barandiaranek. Lasak hemen inguruko onddoa ere bazuen salgai, 10 kilo, 36 euroan kiloa. Barcinak, bere aldetik, trufa edo boilurra eskaini du, alearen tamainaren arabera 5 eta 20 euro artean bakoitza. Eta plaza barruan, Arantxa Lopetegik hiru kilo ziza gehiago zituen, kiloa 40 euroan.