Garbitzaileek elkarretaratzea egin dute Legazpin, ELA sindikatuak deituta
Lan hitzarmenaren inguruko negoziazioa desblokeatzea eskatzen dute sektoreko langileek. Soldaten arrakala murriztea, lan kargen erregularizazioa eta partzialtasunari mugak jartzea dira aldarrikapen nagusiak.
ELA sindikatuak deituta astelehenetik igandera bitartean Gipuzkoako garbikuntza sektorean egiten ari diren grebaren barruan, elkarretaratzea egin dute gaur Legazpiko udaletxearen aurrean garbitzaileek. Goierrin mobilizazio gehiago ere izango dira egunean zehar, eta Beasainen manifestazioa egingo dute eguerdian.
Maddi Aspiazu ELAko ordezkariak azaldu duenez, “negoziaketa desblokeatzea” eskatzen dute grebarekin eta gainerako mobilizazioekin. “Gipuzkoako hitzarmenaren negoziaketa 2019tik atzeratuta dago. Azken soldata igoera 2018an eduki zuten”.
Hiru aldarrikapen nagusi dituztela ere zehaztu du Aspiazuk. Soldata arrakalarekin bukatzea da bat: “Gaurko soldata arrakala %40,46ko dela kalkulatzen dugu, eta kalkulu hau ateratzen dugu kale garbiketarekin alderatuta garbikuntzaren taula. Zergatik ematen da soldata arrakala honen igoera? Garbikuntzan KPIren igoera ez dietelako ematen”. Bigarren aldarrikapena lan kargen erregularizazioa da, eta partzialtasunari mugak jartzea da hirugarrena.