Mozorroak, dantza topaketa eta beste asko, denen gozagarri
Igandera arte iraungo dute Beasaingo Loinatz jaiek. Egun osoko festa izango da mozorroen eguna, larunbata. Herri kirol jaialdia izango da festetako azken ekintza
Beasaingo Loinatz jaien bigarren asteburuari heltzeko prest daude beasaindarrak. Egitarauari begira, bete-betea dator igandera artekoa: musika, kirola, kale ikuskizunak, euskal dantzak,… askotariko ekintzak izango dira, bertako eta bisitarien gozamenerako.
ERRALDOI ETA BURUHANDIAK
Egun batzuetako atsedenaren ondoren, erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteerarekin, Loinatz jaien bigarren kolpeari hasiera emango zaio. Tafallako Asier Marco erraldoi konpartsaren eta Beasaingo Ekaitz erraldoi eta buruhandien konpartsak izango dira kaleak alaitzen, Goizeresi txistulari taldearen, musika eskolako bandaren eta txistularien eta Doinuzar gaiteroen doinuekin. Loinazko San Martin plazatik abiatuko dira.
Erraldoi eta buruhandien segizioarekin motorrak berotzen hasita, eztarria berotzeko aukera ere izango da, Kantujirarekin. Musika eskolako trikitilariek jarriko dute erritmoa.
Eta dantza nahiago dutenentzat, Dantzaki dantza eskolako dantzarien erakustaldia izango da, Gernika pasealekuko frontoian.
Kontzertuak ere, aukeran. Inpakto taldea eta Kai Nakaik izango dira Bideluze plazan. Txosnetan berriz, Gilda, Silitia eta DJ Expuela.
TXIRRINDULARITZA PROBA
Kirolarentzat tartea ere izango da. Loinatz txirrindularitza probaren 72. jardunaldia jokatuko dute, elite eta 23 urtez azpikoen mailan. 16:15ean, Nafarroa etorbidetik abiatuko dira. 40 kilometroko zirkuitua osatu beharko dute, Beasain, Legazpi, Gabiria, Ormaiztegi, Olaberri eta Lazkao inguruan.
MOZORRO EGUNA
Mozorro eguna izango da larunbata. Egun osoko festa izango da. Kuadrillak, gazte zein heldu, goizetik aterako dira kalera. Gazteenek haimak jarriko dituzte Oria ibaiaren ertzean. Beasaingo Udalak ohartarazi du Zaldizurretako goiko eta beheko plazak ezin direla okupatu. Halaber, 02:00etan musikaren bolumena jaitsi egin beharko dute. Biharamunean, kalean dagoen guztia eraman egingo da.
Alkoholaren kontsumoa arduratsua izan dadin BotiTZAR BotilTXAR ekimeneko boluntarioak kalez kale ibiliko dira. Eraso sexisten aurkako protokoloak ere izango dira aktibatuta.
Elkarteetako kideak sukaldariz mozorrotuko dira. 10:00etan piztuko dituzte suak, San Martin plazan. Baratxuri zopa eta bakailao kokotxak pil-pilean prestatu beharko dituzte. 13:00etan egingo dute sari banaketa.
OSTADAR
Ostadar Dantza Taldeak 21. dantza topaketa antolatu du etzirako. Etorkizuna Dantza Taldea (Altsasu), Arrotxapea Dantza Taldea (Iruñea) eta Adurtza Dantza Taldea (Gasteiz) elkartuko dira, Ostadarreko kideekin. 12:00ak aldera bakoitza herriko puntu batetik abiatuko da eta ordubeteren buruan, Erauskin plazan egingo dute topo. Emanaldia eskainiko dute jarraian, guztiak batera, Bideluze plazan. Arratsaldean, dantza-poteoa egingo dute Kale Nagusian. Erauskin plazaraino joango dira eta han egingo dituzte azken dantzak.
Euria egingo balu goizeko taldeen ikuskizunak Loinazko San Martin plaza azpian eta Pergoletako frontoian eskainiko dira.
ARGAZKIAK
Beasain Hiria eta Igartza saria argazki lehiaketetako sari banaketa igandean egingo dute, eguerdian. 107 autorek 421 argazki aurkeztu dituzte lehenengoan, eta 69 autorek parte hartu dute bigarrenean, 274 argazki aurkeztuta. Jarraian, erakusketa zabalduko dute. Igartzako jauregiko erakusketa aretoan izango da.
PUNTAKO KIROLARIAK
Beasaingo Herri Kirolen Lagunak taldeak antolatutako ikuskinarekin amaituko dira festak. Izen handiak arituko dira: Aizkoran, Mikel Larrañaga eta Arkaitz Jauregi, Julen Alberdi Txikia eta Iñaki Azurmendi eta Uxue Antsorregi eta Maika Aristegi; harri jasotzen, Jokin Eizmendi, Udane Ostolaza eta Gari Garmendia.; eta lasto-altxatzen, Jose Migel Bustintza Tubi. 19:00etan hasiko da jaialdia, Dolarea parkean. Eguraldi txarra egingo balu Gernika pasealekuko frontoian izango da.
ASTEBURUKO EGITARAUA
GAUR
18:00. Tafallako Asier Marco erraldoi konpartsaren eta Beasaingo Ekaitz erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteera, Goizeresi txistulari taldeak, musika eskolako bandak eta txistulariak eta Doinuzar gaiteroak lagunduta. Loinazko San Martin plazatik.
19:00. Korrekintus, Distopia elektrotxarangarekin.
19:30. Kantujiraren irteera musika eskolako trikitilariek lagunduta.
20:30. Dantzaki dantza eskolaren dantza erakustaldia. Gernika pasealekuko pilotalekuan.
21:00. Beti Bizi elkarteak afaria eskainiko die Beasain Jaietan aldizkarian iragarkiak jarri edota kolaboratu dutenei.
22:00-01:00. Indarkeria matxista prebenitzeko eta hari aurre egiteko informazio gunea. Zaldizurreta kalean.
22:00. Kontzertuak: Gilda, Silitia eta DJ Expuela. Txosnagunea
22:30. Kontzertua: Inpakto taldea. Bideluze plazan.
23:30. Kontzertua: Kai Nakai taldea. Bideluze plazan.
BIHAR, MOZORRO EGUNA
09:30. 72. Loinatz txirrindulari proba. Irteera eta helmuga: Nafarroa etorbidean.
10:00. Elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, San Martin plazan.
11:00. Oiartzungo Xirularru taldearekin kalejira.
11:00. Erretiratuen toka eta igel txapelketa, Arana kalean.
13:00. Elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketako jakien aurkezpena, Loinazko San Martinen
16:00. Gazteen arteko xake txapelketa, Murumendi ikastetxean.
16:00-20:00. BotilTZAR edo botilTXAR Arriskuak gutxituz, gozamenak areagotuz kanpaina, herrian zehar.
19:00. Kontzertua Demode Quartet, Erauskin plazan.
21:00-01:00. Indarkeria sexistaren informazio gunea, Zaldizurreta kalean.
22:00. Kontzertuak: Muxutruk erromeria, Xsakara eta DJ Gorritxu eta Laztana. Txosnagunean
23:00. Kontzertuak: Disnoktika eta Defiction DJak, Bideluze plazan.
00:00-03:00. Testing programa: drogen erabileraren arriskuak murrizteko informazioa eta sustantzia ilegalen analisi gunea. Zaldizurreta kalean.
ETZI
09:00. Iturengo Aurizko Joaldunen esnadeia.
10:00. Musika Eskolako dultzaineroen esnadeia.
10:30. Beasaingo 21. Dantza Topaketa. Dantzarien ibilaldia auzoetatik abiatuta.
12:00. Beasaingo Hiria argazki lehiaketa eta 24. Igartza saria argazki lehiaketako sari emateak. Erakusketaren inaugurazioa. Igartzako jauregian.
12:00. Ekaitz Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera, Doinuzar Gaiteroak lagunduta, Ezkiaga auzotik.
12:00. Beasaingo 21. Dantza topaketa. Barrendain plazan.
13:00. Kontzertua: Errenteriako kultur elkarteko banda eta Beasaingo Loinatz udal musika eskolako banda. La Salle ikastetxean.
17:30. Dantzaokea eta play-backa. Bideluze plazan.
18:00. Beasaingo 21. Dantza topaketa. Kalean zehar.
18:30. Beasaingo 21. Dantza topaketa: azken kalejira. Erauskin plazan.
19:00. Herri kirol jaialdia. Aizkolariak: Mikel Larrañaga Arkaitz Jauregi / Julen Alberdi Txikia Iñaki Azurmendi. Uxue Antsorregi / Maika Aristegi. Harri jasotzaileak: Jokin Eizmendi, Udane Ostolaza eta Gari Garmendia. Lasto-altxatzailea: Jose Migel Bustintza Tubi. Dolarea parkean.