Parkea estaltzeko egitura muntatzen hasiko dira bihar
Gaur margoketa lanekin dabiltza. Aurreikuspenen arabera, ekainean amaituko dituzte lan guztiak. Frontoia erabili dezakete aurrerantzean herritarrek.
Barrena parkeko estalkia eta barruko jolas berriak hornitzeko lanekin hasi dira dagoeneko. Gaur, parkea estaltzeko egitura margotzen hasi dira, eta bihar muntatzen hasiko dira. Estalkia amaitzean jolas eremuko lanei ekingo diete. Iparragirre Eraikuntza Lanak SL enpresak egingo ditu estalpeko lanak, 317.534,74 euroko aurrekontuarekin. Joko eremuko lanak, berriz, K1 Ekopaisaia SL enpresak egingo ditu eta inbertsioa 94.801,28 eurokoa da.
Ekainean lan guztiak amaituta izatea aurreikusi du udalak. Horrela, herriko lehen parke estalia izango da. Eguraldi txarra egiten duenerako “estalitako eremuak falta” direla eta, “herritarren eskakizunari erantzunez” egindako proiektua dela azaldu du udalak. Egoerari erantzuteko, frontoia ere erabili ahal izango da. “Horregatik, aurrerantzean, Beti Alai pilotalekua ere zabalik egongo da herritarrentzat, erreserba bidez, pala, frontenis edo eskuzko pilotarako”.
Frontoia erabilgarri
Pilotalekuaren erabilera Majori Kiroldegiak kudeatuko dute. Majoriko bazkideek aplikazioaren bidez sarbidea eskatu eta erreserba egin beharko dute. Bazkide ez direnek, aldiz, kiroldegira deitu behar dute eta bertan emango zaizkie aplikaziorako erabiltzaile eta pasahitza kodeak, 4 euroren truke.
Astean, gehienez, hiru erreserba egin ahalko dira, 90 minutukoak. Egun bateko aurrerapenarekin egin ahalko dira, eta gehienez, lau orduko aurrerapenarekin ezeztatu. Gunea garbi uztea eskatu du udalak, eta leihoak itxita uztea.