Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak bere 33. kapitulua ospatu du
Kofradiakide berriak eta ohorezko kofradiakideak zein emerituak izendatzeaz gain, bestelako omenaldiak ere izan dira eguerdi aldean udaletxean

Festa eguna dute gaur Ordizian Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideek, 33. kapitulua ospatzen ari direlako goizetik. Kofradiakide berriak eta ohorezko kofradiakideak zein emerituak izendatzeaz gain, bestelako omenaldiak ere izan dira eguerdi aldean udaletxean. Kapituluari amaiera emateko, bazkarian elkartu dira gero.
Bilkura 10:30ean hasi da, D’elikatuz Interpretazio Zentroan, kofradiakideei eta gonbidatuei egindako harrerarekin. Hamarretakoa izan dute gero, eta amaitutakoan, Oroith abesbatzak emanaldi txiki bat eskaini du bertan. Udaletxe aldera abiatu dira ondoren, eta Plaza Nagusiaren ondoan taldeko argazkia atera ondoren, harrera egin diete partaide guztiei Adur Ezenarro alkateak udaletxeko areto nagusian, eta bertan ospatu dira eguneko ekitaldi nagusia eta omenaldiak.
Idiazabal Gaztaren Kofradiak Rosa Diez Urrestarazu idazlea eta kazetaria izendatu du kide berri gaurko kapituluan, eta Ohorezko Kofradiakide titulua ezarri die Jon Etxeberria eta Puy Arrieta gaztagileei, Jose Antonio Elosegi Agirrezabala azokako saltzaileari, Ordiziako Txistulariei bere 50. urteurrenean, eta kofradien federazioko lehendakari den Juan Manuel Garmendiari. Bestetik, Pedro Mari Arana Lasa eta Jose Ramon Garcia Lapitz kofradiakide emeritu izatera igaro ditu, eta hil ondoko omenaldia ere egin dio Atxen Jimenez Tafallako Tubal jatetxeko sukaldariari.