Ireki dituzte hauteslekuak
Eskualdeko 51.331 herritarrek izango dute 2023ko udal eta foru hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea. 20:00etan itxiko dira bozkalekuak. Guztira 208 zinegotzi hautatuko dituzte herritarrek. Gipuzkoako Batzar Nagusiak ere eratuko dira. 51 batzarkide aukeratu beharko dituzte gipuzkoarrek. Goierriko Hitzak hauteskunde egunaren eta gauaren jarraipena egingo du.
Iritsi da maiatzaren 28a. Iritsi da 2023ko udal eta foru hauteskundeetan botoa emateko eguna. Hamabost eguneko hauteskunde kanpainan alderdi eta hautagai bakoitzak euren programak eta asmoak azaldu ondoren, herritarrek dute orain hitza. Guztira 66 hautagai zerrendetatik 208 zinegotzi aukeratuko dituzte 22 herrietako udalbatzak osatzeko.
Hauteslekuak 09:00etatik 20:00etara egongo dira irekita. 89 mahai eratuko dituzte horretarako, eta 267 herritar arduratuko dira ofizialki haiek gobernatzeaz.
Beasainen, beste behin, festen errepikapen igandearekin bat egin du hauteskunde egunak. Atzoko mozorro egunetik zuzenean botoa ematera joan direnak izan dira.
Foru hauteskundeak ere bai
Bi boto paper sartu beharko dituzte herritarrek hautetsontzietan, Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak ere aukeratu beharko baitira gaur.
Foru hauteskundeetan Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzen dituzten 51 batzarkideak aukeratuko dituzte gipuzkoarrek, bakoitzak bere hauteskunde barrutirako hautagaiei botoa emanda. Lau hauteskunde barrutitan dago banatuta Gipuzkoa, eta Goierriko 22 herritarrei Oria barrutia dagokie, bederatzi batzarkideekin.
Hauteskunde Batzordeak 14:00etan eta 18:00etan jakinaraziko ditu parte-hartze datuak. Goierriko Hitzak hauteskunde egunaren eta gauaren jarraipena egingo du webgunean.