"Euskal Herrian eman den aldaketa Beasainera ekartzeko" lanean jarraituko du EH Bilduk
Hasier Agirre EH Bilduko zerrendaburuarentzat abstentzioak izan duen gorakadak "alderdi gehienei eragin" die.

Beasaingo EH Bilduk 1.631 boto lortuta, bost zinegotzia izaten jarraituko du datorren legegintzaldian. Hasier Agirre Elkoroberezibar zerrendaburuak, udal hauteskundeek Beasainen utzi dituzten bi alderdi nabarmendu nahi izan ditu. Lehenik eta behin “abstentzioak izan duen gorakada, alderdi gehienei eragin diguna”, eta bigarrenik, “Elkarrekin-Podemosen emaitza txukuna”. EH Bilduren nahia EAJren gehiengo absolutuarekin “amaitzea” zela ere azpimarratu du. Gertu izan dira, baina ez da lortu. Azken lau urteetan “lan ona” egin dutela ez du zalantzarik egin Agirrek, eta nahiz eta oraingoan ez den izan, “hemendik lau urtera Euskal Herrian eman den aldaketa Beasainera ekartzeko aukera ikusten dugu”.
Horra heltzeko, “lana eta oposizio eraikitzailea” egingo dutela adierazi du, uste baitu hori dela “herritarrengana iristeko bidea”. “Gobernatuko bagenu bezala lan egingo dugu, herritarrentzat onak diren neurriak hartzen eta bultzatzen” iragarri du Agirrek.
Euskal Herri mailan EH Bilduk lortutako emaitzei ere aipamena egin nahi izan die Agirrek.