"Irabazteko esperantza bageneukan, baina ez genuen espero hainbesteko aldea izatea"
Azken urteetako lanaren emaitza gisa interpretatu du Aramendik Ataunen EH Bilduk inoizko zinegotzi kopururik handiena ateratzea. Zazpi lortu ditu, EAJk bi.

-Bi zinegotzi gehituta, zazpi ordezkari izango ditu EH Bilduk Ataungo udalbatzan.
Hainbesteko alderik ez genuen espero. Irabazteko esperantza bageneukan, baina halako aldearekin, ezta pentsatu ere. Ataunen boto finkoa duen jende asko dago, bai alde batera, bai bestera. Orain arteko 5 eta 4ko banaketa espero nuen nik, gure taldean 6-3 esaten zutenak ere baziren. Baina 7-2, inork ez zuen itxaroten. Atzo, sinistu ezinda egon ginen. Deigarria izan zen jada San Gregorioko emaitza jaso genuenean: 208 boto han, eta EAJk 37. Hori ikusita, diferentzia handia zela hasi ginen sinisten. San Martinen ere aldeak gora egin du, nahiz San Gregorion bezainbeste ez izan. Abstentzioa handia izan da, eta ematen duenez guri ez digu kalte egin, eta EAJri bai. 200 bat galdu ditu EAJk, eta guk 100 bat irabazi.
-Zer adierazten du?
Lau urteetan egindako lana ondo baloratzen dela. Orokorrean, lan ona egin dela. Hori da ondorio nagusia. Aurreko taldeari lau urteotan egindako lana eskertu nahi diet. Horiek ez dute jarraituko zinegotzi bezala. Neurri handi batean, horien lanaren emaitza izan da.
-Nola jokatuko du orain EH Bilduk?
Lehengo bidetik jarraitzea da asmoa. Zazpi zinegotzirekin, lantaldea ere handiagoa izango da, eta horrek gauza gehiago egiteko aukera edo modua emango digu. Elkarlanerako ere prest gaude, eta horretan asmatzen badugu, elkarrekin jarraituko dugu bi taldeek lanean. Orain, arlo bakoitzak bere zinegotzia edukitzeko aukera ematen digu, arloak bereizita eta lan zehatzagoa eginda.

Martin Aramendi