«Nire konpromisoa eta taldearena Ataungo herriari ekarpen bat egitea da»
EAJren Ataungo emaitzak "txarrak" izan direla aitortu du alkategaiak, baina "herriaren alde lanean jarraitzeko" animotsu dagoela gehitu du Kontxi Sukiak.

-Bi zinegotzi galdu ditu EAJk, eta alkatetza lortzetik urruti geratu da. Zer irakurketa egin duzue?
Ataungo EAJtik egiten dugun balorazioa ez da ona. Boto jaitsiera nabarmena izan dugu. Egia da boto jaitsiera hori, zati batean, abstentzioan oinarritutako efektu baten ondorioa izan dela, eta momentu honetan abstentzio hori zergatik izan den aztertzen ari gara. Baina, oro har, emaitzak txarrak dira. Hala ere, animorik handienarekin jarraitzen dut, nire herriaren alde lan egiteko.
Ataungo EH Bildu eta bere alkatea zoriondu egin nahi ditut, hauteskundeetan ateratako emaitzengandik, eta guri bozka eman diguten herritarrei eta kanpainan lan egin duten gure alderdikide eta alderdi zaleei eskerrak eman.
-Nola helduko diozue udal lanari?
Ataungo EAJn herritarren alde lan egiteko plangintza bat daukagu. Gure herriarentzat garrantzitsuak diren arloak landuz. Udalean ordezkaritza handiagoa edo txikiagoa izanda, nire eta nire taldearen konpromisoa Ataungo herriari ekarpen bat egitearena da, eta hori da hurrengo urteetan lantzen ariko garena.
Gaurtik bertatik lanean hasi naiz, eskuartean dugun plangintza garatzen. Nire aldetik dudan kapazitate eta lan guztia jarriko dut gure herri proiektua bultzatzeko, ahalik eta herritar gehienekin landuz. Eskerrik asko denoi.