«Oposizio eraikitzaile bitartez, legorretarron bizi kalitatea hobetzeko egingo dugu lan»
Aurreko legealdian bezala, 4 zinegotzi izango ditu Legorretako EAJk. 2019arekin alderatuta, EH Bildurekiko zuten botoen aldea murriztu dute. Abstentzioarekin "kezkatuta" daude.

Zer balorazio egiten duzue hauteskunde emaitzen inguruan?
Legorretako EAJ-PNV kezkatuta agertzen da gure herrian abstentzioak izan duen 8 puntutako igoeragatik, larria baita, herritarrek beren herriaren etorkizunaz duten pasotismoa.
Horrez gain, parte-hartze apalagoa izan arren, gure alderdiak zuen portzentaia %4an hobetu dugu eta bide batez, lehen indarrarekin genuen aldea txikitu. Uste dugu, kanpainan zehar gai izan garela, herriko beharren diagnostikoa zuzena eta irtenbide egokiak mahai gaineratzeko, eta agintaldi berrian, oposizio eraikitzaile bitartez, legorretarron bizi kalitatea hobetzeko egingo dugu lan.