Udal hauteskundeen emaitza "gazi-gozoa" izan da Ordizia Orainetzat
Bi zinegotzi mantendu izana izan da alde gozoa, eta gazia, aldiz, parte-hartze baxua. "Herritarrei axola eta kezkatzen zaituztena udaletxera eramaten jarraituko dugu, pertsona xumez osatutako talde politiko ez-konbentzionala garen aldetik, politika hurbila egiten jarraitzeko".
Ordizia Orainek udal hauteskundeen emaitza “gazi-gozoa” izan dela adierazi du hedabideetara helarazitako ohar baten bidez. Alde gozoa da “2 zinegotzi mantendu izana”. “Horrek esan nahi du herritarrengan konfiantza sortzen jarraitzen dugula eta gure proposamena eta ikuspegia komunitatearekin bat etorri ziren seinale dela, baita aurreko bi legegintzaldietan egindako ekintzak aintzat hartu direla”.
Emaitza horrekin, Elkarrekin Podemosek zenbait gaietan zeresana izan dezakeela uste dute. “Urdanetaren finantzaketa eta iristen joango diren askoz gauza gehiago negoziatzeko moduan uzten gaituela pentsatzen dugu”.
Alde gaziari erreparatuz, “parte-hartzea izan da pisuzko mina, asko jaitsi baita, lehendik baxu egonda ere”. “Hausnartzea” dagokiela gehitu dute: “Aztertu behar dugu zer egiten den gaizki herritarra tokiko politikatik, hurbilen dagoen politikatik, urrundu eta paso egiteko”. “beharrezkotzat” jo dute “ziurtatzea erabaki politikoek benetan islatzen dutela herritarren borondatea”.
Gobernu eraketaren harira, esan dute “akordioak lortzeko asmo argiarekin” daudela. “Herritarrei axola eta kezkatzen zaituztena udaletxera eramaten jarraituko dugu, pertsona xumez osatutako talde politiko ez-konbentzionala garen aldetik, politika hurbila egiten jarraitzeko”.