Udaletxea margolanez apaindu nahi dute Ormaiztegin
Lehiaketa deitu dute ‘Mugarriak’ gai hartuta. Lanak uztailaren 7ra arte aurkeztu daitezke. Uztailaren 19an jakinaraziko dute irabazleak nor diren.
Ormaiztegiko Udalak udaletxeko ekitaldi aretoa margolanez apaintzeko lehiaketa deitu du, Mugarriak gai hartuta. Lehiaketan nahi duten herritar guztiek hartu dezakete parte, eta gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango dira egile bakoitzeko. Guztira sei sari banatuko dituzte. Hautatutako sei obren egileetako bakoitzarentzat 1.000 euroko saria egongo da.
Onartuko dituzten margolanak ondoko teknika hauek erabilitakoak izango dira: akuarelak, olioak, akrilikoak, pastelak, ehundura-teknikak, tinta txinatarra, collage eta antzekoak. Lanen gehienezko neurria 100zm x 100zm izango da.
Lanak uztailaren 7ra arte
Lanak bidaltzeko epea uztailaren 7ko 14:00etan amaituko da. Lanak egilea nor de adierazi gabe aurkeztu beharko dira. Kartazal itxi batean jarriko dira egilearen datuak eta harremanetarako bideak. Saridunak uztailaren 19an jakinaraziko dituzte.