Aizaleku tontorreko urteroko festa igandean egingo dute
Aztiriko bizilagun talde batek antolatuta, bertsolariak, trikitilariak eta mokadutxoa izango dira, igande eguerdian, Gabiria eta Legazpi arteko mendiaren gailurrean. Jendea autoetan eramateko, Aztiriko plazara azaldu 10:15erako azaldu behar da.
Aizaleku mendiko urteroko festatxoa igande honetarako antolatu dute, ekaineko lehenengo jaia den neurrian. Aztiriko auzotarrek prestatu dute, beste behin, Gabiriaren eta Legazpiren artean dagoen tontorreko elkartzea.
Mezaordeko irakurketarekin hasiko dira, Aizalekuko gurutzean, 11:00etan. Ondoren, Euxebio Igartzabal eta Aratz Igartzabal bertsolariek saiotxo bat egingo dute, eta Miren Deba aztiriar trikitilariak girotuko du juntadizoa. Ohitura den bezala, salda eta haragi egosia banatuko dute bertaratzen direnen artean.
Antolatzaileek jendea autoetan igotzeko zerbitzua ere jarri dute. Aztiriko plazan, 10:15ean, edukiko dituzte ibilgailu batzuk prest, inork haietan igo nahiko balu.