Arangoiti egoitzan bisita orduak gehitzeko eskatu du herritar batek
Menpekotasun solairuan dagoen egoiliarrak «bakardadean hamasei ordu» igarotzen dituela salatu dute senitartekoek, eta zuzendaritzaren jarrera gaitzetsi.
Beasaingo Arangoiti adineko pertsonen egoitzako egoiliar baten senitartekoek eskatu dute bisita ordutegiak handitzea, «amak 16 ordu bakardadean pasatzen dituelako, eta egoera horrek haren osasunean eragin zuzen-zuzena duelako». Irtenbide bat bilatu nahian zuzendaritzarekin harremanetan jarri eta gero, jaso duten erantzuna «lotsagarria» dela salatu dute.
Pako Aizpurua Begiristain da egoiliar horren semea. COVID-19a hasi zen garai berean ingresatu zuten ama Beasaingo Arangoiti egoitzan. Momentu hartan amaren menpekotasuna, «handia» izanik, «orain baino txikiagoa» zela dio semeak eta, hortaz, beste egoiliar batzuekin batera egiten zuela egunerokoa. Hala egin zituen bi urte baino gehiago.
Ikusita amaren menpekotasuna handitu egingo zela, «guri ezer esan gabe, erabaki zuten menpekotasun handiko egoiliarren solairura eramatea». 2022ko uztailaren 19an izan zen hori. Aldaketa «egokia» zela iruditu zitzaien senitartekoei, solairuak azpiegitura «hobeak» dituelako.
Baina senitartekoek ez dute esperotako onurarik nabaritu. «Amak ordu asko egiten ditu bakarrik, eta bere dementziaren ondorioz eta egoerak behartuta, erabat galduta sentitzen da». Egoera aztertu ondoren, irtenbideak bilatu nahian hainbat proposamen egin dizkiote zuzendaritzari.
Langileei eragin gabe
Arangoiti egoitzan bisitak egiteko ordutegian malgutasun gehiago eskatzen du familia honek, amaren zaintzan modu aktiboagoan parte hartu ahal izateko, egoitzako langileen egunerokoan batere eragin gabe.
Goizeko 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 20:00ak arte egoteko aukera dute orain, hori da bisitak egiteko zehaztuta dagoen ordutegia. Familia honek eskatzen duena da 10:30etik 20:30era bisitak egin ahal izatea. Hau da, eguerdiko tartea irekita uztea, «nabaritu izan dugulako, amak, sarri ez duela lortzen siesta egitea, eta gu iristen garenerako, itxaronaldia oso luze egiten zaiola esaten digu». Arratsaldean, berriz, ezarrita dagoen ordutegia ordu erdi luzatzea eskatu dute.
«Gure amak zaintza, maitasuna eta komunikazioa behar ditu. Gure ama bizirik dago eta piztu egiten da eta hori mantendu nahi dugu, inor kaltetu gabe».
«Enpresa aurretik»
Aizpuruk jakinarazi duenez, Arangoitiko zuzendaritzaren erantzuna da, jarrita dagoen bisita ordutegiarekin «nahikoa» dela. Hori justifikatzeko, egoitzako psikologoak egin duen txostena dauka Aizpuruak.
Senitartekoen iritziz «enpresa interesak daude erabaki horren atzean, enpresaren ikuspegia egoiliarren gainetik jartzen dute, eta hori, akats bat da», salatu du.
Familiak kontsultatu dituzten adituek «batek ere ez du horrelakorik gomendatzen, kontrakoa baizik». Bestalde, argi utzi nahi izan du, langileek egiten duten lanarekin «oso gustura» daudela.
Arangoiti egoitzako zuzendaritzarekin harremanetan jarri da GOIERRIKO HITZA baina ez du erantzunik jaso.