Ordiziako Plaza Nagusia kerik gabeko espazioa izatea proposatu dute herritarrek
Tabakismoaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur. Horren harira, ACC Minbiziaren Aurkako Elkarteak, Ordiziako Udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean, lanketa bat egin dute tabakismoaren inguruan hausnartzeko. Espazio batzuk identifikatu dituzte tabakorik gabeko espazio gisa izendatzea gomendatzeko. Inkesta bat egin dute horretarako. 462 boto eman dituzte herritarrek eta Plaza Nagusia proposatu dute kerik gabeko espazioa izateko.
Gaur aurkeztuko dituzte ikastetxeek ekimenerako sortu dituzten esloganak. 11:30ean, ekitaldi sinboliko bat egingo dute Plaza Nagusian bertan. Helburua, epe laburrean plaka bat jartzea da, herritarrei gomendatzeko plaza tabakorik gabeko gunea dela.