«Liburuko pertsonaien barruan sartu naiz, perturbazio unean»
Miriam Lukik (Urretxu, 1973) ‘Argialdiak’ liburua argitaratu du. Bertan, bederatzi ipuin jaso ditu. Ekainaren 10ean jaioterrian aurkeztuko du, Madaiako etxeetako parkean.
Aspalditik al zenuen egitasmo hau eskuartean?
Hiru urtetako lana izan da. Pandemia baino lehenago hasi nintzen. Pandemia garaian Eusko Jaurlaritzaren sortzaileentzako beka eskatu nuen eta eman egin zidaten. Horrek helburua jarri zidan. Helburu bat dudanean, errazagoa egiten zait lan egitea. Proiektu bat aurkeztu behar nuen data finko baterako.
Nolakoa izan da prozesua?
Oso ondo egon da. Irakurleak eduki ditut. Idatzi ahala, bi lagunek testuak irakurri dituzte: Mikel Aierbek eta Lierni Ormazabalek. Asko lagundu didate. Oso garrantzitsuak izan dira. Ipuinek asko irabazi dute, beraien laguntzari esker.
Liburua Susarekin argitaratu duzu.
Bekak ez dizu liburuaren argitalpena ziurtatzen. Hori zuk bilatu behar duzu. Lana amaitu ondoren, Susara bidali nuen. Baietz esan zidaten. Ondoren, edizioaren fasea hasi zen. Editore bat edukitzea ere zoragarria izan da. Editore lana Leire Lopez Ziluagak eta Itziar Ugartek egin dute. Lan asko egin dugu, baina oso gustura. Ipuinak editore batekin lantzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Ipuinak hobetzeko laguntza nahi nuen. Leirek nire eta nire testuen arteko bitartekaritza lana egin du. Hiru urte lanean eman ondoren, ez zara ezer ikusteko gai. Argiena ere ez duzu ikusten. Hori dela eta, editorea ezinbestekoa da.
Zer aurkituko dugu Argialdiak liburuan?
Hasteko, azala Maite Gurrutxagak egin du. Ilustratzaile batek egitea nahi nuen. Galtzagorrin lan egiten dut eta ilustratzaileen berri dut. Ez nuen argazki bat nahi. Maitek oso ondo harrapatu du ipuinen nondik norakoa: ispilua geldirik dago eta mahaitxoa, aulkia, loreontzia… mugimenduan daude. Irakurleak zer aurkituko duen? Bederatzi ipuin oso labur dira. Liburua mehea da. Mikel Aierbek bonsai bat dela esaten du.
Ipuinek loturaren bat ba al dute?
Hari bat dago. Konfinamenduan Chantal Maillard filosofo eta poeta asko irakurri nuen. Haren egunerokoak irakurri nituen, bere hitzaldiak entzun nituen… Sormenari buruz egiten duen hausnarketa bat nire barruan gelditu zen: errebelazioaren kontzeptua. Beloa kendu, zer dagoen erakutsi… Maillardek sormenaren modu ezberdinak aletzen ditu. Horietako batek, errealitatea mugitzen ari denean, eraiki eta beloa kentzen dugula dio. Ipuinetan errealitatea mugitu egiten da. Apartekoa ez den gertakizun lurtar batek, pertsonaiak biluzten ditu. Dena bistan uzten du. Argialdi horiek batzuetan ebidenteak dira eta besteetan ez, batzuetan ez dakizu norena den argialdia… Baina beti dago argialdi bat. Une hori harrapatzea zen ipuin bakoitzaren helburua. Pertsonaien barruan sartzea, perturbazio unean. Ordena eta bakea etenda dagoen unean.
«Liburuan, apartekoa ez den gertakizun batek pertsonaiak biluzten ditu»
«Perturbazioaren ideiak gaur egungo gure gizartea deskribatzen du»
«Askotan amaierak ez dira itxiak, irakurleek pentsatzen jarraitu dezaten»
Nolakoak dira perturbazio horiek?
Esan bezala, apartekoak ez diren gertakizunak dira. Hori dela eta, pertsonaiak sukaldeetan, autoetan… ageri dira. Oso eremu domestikoak. Gertukoak. Ezagunak. Baina urrunetik idatzi dut. Distantzia bat hartu dut. Sentimenduei eta pentsamenduei hesirik jarri gabe. Perturbazioaren ideiak gaur egungo gure gizartea deskribatzen duela iruditzen zait. Beti egon da perturbazioa, baina pandemiak areagotu egin zuela uste dut. «Zer moduz?», galdetzen diogu elkarri eta «ondo» erantzuten dugu, baina ez dakit ondo gauden. Liburuan ez dut hori esajeratu, baizik eta dena batera eman. Ipuinetan gure kontraesanak erakusten saiatu naiz. Epaitu gabe. Efektismorik gabe.
Lan gogorra izan al da?
Artisau lana izan da. Batzuetan arkitekturarekin lotuta, beste batzuetan eskulturarekin, filigranarekin… Hitz bakoitza oso zainduta dago. Ipuinak dira. Oso laburrak, gainera. Beraz, ezin da ezer soberan egon. Guztiak zentzua izan behar du. Objektu bat agertzen bada, objektu horrek zeresana izan behar du.
Zer diozu pertsonaiei buruz?
Guztiak emakumeak dira. Ni ere emakumea naiz eta hor ere gertutasuna praktikatu dut. Adin ezberdinekoak daude. Argialdiak errebelazioak dira: ikusi nahi ez zenuen zerbait ikusten duzunean, oroitzen ez zenuen zerbait etortzen zaizunean… Memoria oso gauza konplexua da eta askotan argialdiak oroitzapenekin lotuta daude. Gure amen hizkera, gizarte gaiak… sartu ditut. Gure garaiari erantzuten diote.
Liburua Urretxun aurkezteko asmorik ba al duzu?
Ekainaren 10ean aurkeztuko dut, eguerdian, Madaiako parkean. Bermut aurkezpena izango da. Ekitaldi irekia izango da.
Ba al duzu beste zerbait eskuartean?
Ipuin batzuk ezin gobernatuta gelditu zaizkit. Ipuin horiek gobernatu arte jarraituko dut. Eta idazten jarraituko dut, irakurtzen jarraituko baitut. Hortik nator: irakurtzetik, herri kazetaritzan idaztetik… Mariasun Landak idaztea irakurtzen duzun horri erantzutea dela esaten du. Eta irakurtzen jarraituko dudanez, idazten ere jarraituko dudala uste dut. Bestalde, 16 urte eman ditut herri kazetaritzan eta jende askoren istorioak ezagutzeko aukera izan dut. Herri kazetaritzan oso gai ezberdinak lantzen dira: arau subsidiarioak, opera gustuko duen igeltseroa… Herri kazetaritza oso aberasgarria da.
GOIERRIKO HITZAn lan egin zenuen eta egun Galtzagorrin lan egiten duzu. Zertaz arduratzen zara?
Galtzagorriren Behinola aldizkaria egiten dut, podcast-ak egiten ditut, komunikazio lanak egiten ditut, txostenak egiten ditut… Denetik egiten dut, beti ere haur eta gazte literaturaren esparruan. Horrek ilustrazioa ekarri du liburua, baina albumetako irudiek ere eragina izan dute. Albumetan pertsonaiek egiten dutena ipuinetara eramaten saiatu naiz. Hizkuntza horrek eta zinemarenak lagundu egin didate. Askotan amaierak ez dira itxiak, irakurleek pentsatzen jarraitu dezaten.
Irakurle taldeetan ere lan egiten duzu.
Legazpiko irakurle taldean egindako lana ere lagungarria izan da. Pello Lizarralde irakurri dugu, adibidez, eta erreferentzia bat izan da idazteko orduan.