Pilota eta bertsolaritza batzen dituen Udaberri torneoaren finala ostiralean jokatuko da
Bitxiloreak eta Kukuprakak taldeen artean izango da lehia, Antzizar pilotalekuan, ostiralean, 19:00etan hasita.
Udaberri Torneoko finalean izango diren taldeak aurkeztu dituzte. Finaleko protagonistak «gogotsu» agertu dira ostiralean biziko duten lehiaren atarian.
Kirola, kultura eta berdintasuna uztartu ditu bertsoa eta pilota batzen dituen Udaberri torneoak. Sei jaialdik osatutako txapelketa, finala, bihar izango da. Elena Ruiz Beasaingo kultura zinegotziak berriz ere Beasainen horrelako ekitaldiak ekartzearen «garrantzia» azpimarratu du, «bereziki emakumeen pilotari bultzada ematen diolako».
Lehiari dagokionean, Bitxiloreek eta Kukuprakek biek adierazi dute Zubietan elkarren aurka jokatutako norgehiagokak ez duela zerikusirik izango erreferentzia moduan, izan ere Zubietako plaza eta Beasaingo pilotalekuaren arteko aldea nabaria da. Bitxiloreetan orain arte Ainhoak buruz buru jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu eta Kukupraketan aldiz Iera eta Ohianak binaka gauza bera egin dute. Beraz, estrategia «ongi pentsatu» beharko dutela nabarmendu dute bi taldeek.
Baina pilotariez gain ezin ahaztu dira torneo honetan paper garrantzitsua izan duten botilero bertsolariak ere. Aurkezpenean deskribatu zutenez, «ilusio handiz» ekin zioten txapelketari eta Aitor Sarriegi zein Nerea Elustondo «gogotsu» daude biharko finalean kantatzeko.
Osagai guztiak beraz, prest daude, formatu berritzailea ekarri duen txapelketa honi amaiera ezin hobea emateko.
Gogoratu finala Antzizar kiroldegiko pilotalekuan jokatuko dela, 19:00etan hasiko dela, eta sarrerak bost euroan salduko direla.
Finala bertatik bertara ikusi ezin duenarentzat, Berria-n eta Hamaika telebistan zuzenean ikusteko aukera izango da.