Plaza Nagusia kerik gabeko gunea izatea proposatu dute
Helburua, epe laburrean plaka bat jartzea da, herritarrei gomendatzeko plaza tabakorik gabeko gunea dela. 463 pertsonak eman dute haien iritzia inkestan.
Tabakismoaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur. Horren harira, Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta Ordiziako Udalak Kerik gabeko espazioak ekimena jarri dute martxan, erretzearen inguruan hausnartzeko. Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetako ikasleekin elkartu dira elkarteko profesionalak, zuzenean proposamenak elkarbanatzeko eta gaia lantzeko. Saio horietan, ikasleei galdetu zaie zein espaziotan nahiko luketen jendeak ez erretzea.
Espazio batzuk identifikatu dituzte tabakorik gabeko espazio gisa izendatzea gomendatzeko, eta inkesta bat egin dute horretarako, herritarrentzat irekia. 463 pertsonek eman dute haien iritzia, eta Plaza Nagusia proposatu dute kerik gabeko espazioa izateko, 151 botorekin. Paretsu ibili da Haurtzaindegiko eremua, 122 botorekin. Barrena parkeak 96 boto izan ditu, Oreja parkeak 75 eta Lukusin plazak 19.
Gaur aurkeztu dituzte ikastetxeetako ikasleek ekimenerako sortu dituzten esloganak. Goizean, ekitaldi sinboliko bat egin dute Plaza Nagusian bertan. Helburua, epe laburrean plaka bat jartzea da, herritarrei gomendatzeko plaza tabakorik gabeko gunea dela.