Zazpina zinegotzi izango dituzte EH Bilduk eta EAJk, bi Ordizia Orainek, eta bakarra PSE-EEk
Botoen idazketan arazo bat izan ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Ordiziako emaitzen datuak berritu ditu. Baieztapen ofiziala, halere, ostiralean egingo dute, Tolosan.
Igandeko udal eta foru hauteskundeen biharamunean, astelehenean, PSE-EEk baieztatu zuen Ordiziako emaitzen datu ofizialetan akats bat zegoela. Espainiako Gobernuak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak igandean bertan argitaratutako datuen arabera, EH Bilduk 1.765 boto jaso zituen, EAJk 1.530, PSE-EEk 498, Ordizia Orainek 459 eta PPk 53. Hala, honela egituratuko litzateke udalbatzaren banaketa: 7 zinegotzi EH Bilduk, 6 EAJk, eta bina Ordizia Orainek eta PSE-EEk.
PSE-EEk, baina, esan zuen haiei ez dagokiela bi zinegotzi izatea, eta akatsaz ohartuta, EAJk emaitzak berrikusteko errekurtsoa eskatu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak datuak berritu ditu. EAJren eta PSE-EEren datuetan izan da akatsa. EH Bilduren, Ordizia Orainen eta PPren datuak berdin daude. Hala, emaitzak berriz argitaratuta, honela geratzen da: EH Bilduk 1.765 boto, EAJk 1.649, Ordizia Orainek 459, PSE-EEk 379 eta PPk 53.
Aurreko legealdian bezala, zazpina zinegotzi izango dituzte EH Bilduk eta EAJk, bi Ordizia Orainek, eta bakarra PSE-EEk. Dena den, ostiralean egingo dute berrikusketa ofiziala Tolosako epaitegian, eta ofizialki orduan jakinaraziko da. Espainiako Gobernuak oraindik ez ditu datuak eguneratu.