Almitzaren Sega Liga bihar bukatuko da, Altzon, Europara begira jartzeko
Eslovenian jokatuko da aurten Europako Sega Txapelketa, uztailaren 28tik 30era. Gizonezkoetan hamar segalari sailkatuko dira: bost 30 urtez goikoak eta bost 30 urtez azpikoak. Emakumezkoetan bost segalari joango dira: bi 30 urtez goikoak eta hiru gazteagoak.
Euskal Herriko 14. Bakarkako Sega Liga bihar bukatuko da. Altzon (Gipuzkoa) jokatuko da hirugarren eta azken saioa, 17:00etan hasita. Biharko puntuaketari aurreko bi jardunaldietan –Etxalekun eta Hernanin– lortutakoak batuta, behin betiko sailkapen nagusia ere zehaztuta geldituko da.
Europako sega txapelketaren urtea denez 2023a, bakarkako sega ligako sailkapena erabiliko du Almitza elkarteak Euskal Herriko ordezkaritzan bidaliko dituzten segalariak aukeratzeko. Eslovenian jokatuko da, uztailaren 28tik 30era.
Gizonezkoetan hamar segalari sailkatuko dira: bost 30 urtez goikoak eta bost 30 urtez azpikoak. Emakumezkoetan bost segalari joango dira: bi 30 urtez goikoak eta hiru gazteagoak.
Bi goierritar postuetan
Lehen bi saioen puntuazioen arabera, Goierriko bi segalari daude, oraingoz, Europarako postuetan. Biak gizonezkoak eta biak zaldibiarrak dira: Migel Mari Jauregi Altzo eta Akaitz Jauregi aita-semeak.
Altzo sailkapenean bigarren dago, 117 punturekin, Mikel Lizartzaren (120) atzetik. Oier Urkola (116), Bixente Mitxelena (115) eta Amaiur Arrospide (109) daude Altzoren atzetik. Akaitz Jauregi 7. postuan dago, eta Josu Mendizabal zaldibiarra 13.ean.
Emakumeetan, Luixa Uzkudun (119), Alaitz Imaz (118), Ainara Otamendi (116), Ainhoa Mazkiaran (115) eta Izadi Arrospide (111) daude sailkapen postuetan. Susana Lopez zaldibiarra 8. dago, 108 punturekin.