Barrena parke berriko lanak hil honetan amaitzea aurreikusi du udalak
Hasi dira dagoeneko parkea estaliko duen egitura muntatzen. Beti Alai pilotalekua erabilgarri dago herritarrentzat, aurrez erreserbatuta, pala, frontenis edo esku pilotarako.
Barrena parkeko jolas eremu berria eta eremua estaliko duen estalpea egiteko lanak hasi dituzte. Aurreko astean estalpearen egitura margotu ondoren, dagoeneko hasi dira egitura bera muntatzen. Lan guztiak ekaina bukaerarako amaituta izatea aurreikusi dute. Estalpearen lanak Iparragirre Eraikuntza Lanak SL enpresak egingo ditu, eta aurrekontua 317.534,74 eurokoa da. Jolas eremu berria, aldiz, 94.801,28 euroko inbertsioarekin, K1 Ekopaisaia SL enpresak egingo ditu.
Adur Ezenarro alkateak azaldu bezala, herritarren «parte-hartzea beharrezkoa» izan da. «Ordiziako parkeen sarearen mapa bat egin zen eta bertatik ondorioztatu zen Barrena zela parke zentrala, herritar guztientzat funtzionatzen duena». Hala, eskakizunari erantzunez, Ordiziako lehenengo parke estalia izango da. Ordizia 2030 Ekintza Planeko 12.6 puntua da.
Pilotalekua, eskaripean
Eguraldi txarra egiten duenean «estalitako eremuak falta» direla eta, Beti Alai pilotalekua herritarrentzat erabilgarri egongo da aurrerantzean 16 urtetik gorakoentzat, erreserba bidez, pala, frontenis edo esku pilotarako. Kudeaketa Majori Kiroldegitik bideratuko dute. Majoriko bazkideek aplikazioaren bidez egin dezakete erreserba. Bazkide ez direnek, kiroldegira deitu behar dute eta bertan emango dizkiete jarraibideak. Bazkide ez direnek 4 euro ordaindu behar dituzte.