Energiaren gaia landu dute aurten Eskolako Agenda 2030 programan
Lazkaoko ikasleek udaletxean azaldu dituzte ikasturtean zehar landutakoak, batzar berezian. Eskolan bezala herrian, zer hobetu daitekeen aztertu dute haurrek.
2022-2023 ikasturtea agortzen ari den honetan, Eskolako Agenda 2030 jasangarritasun programa ere bukatutzat eman dute Goierriko ikastetxeek. Energiaren gaia landu dute aurten, oro har. Lazkaoko kasuan jakinarazi dutenez, energia «eskuragarriak eta ez-kutsatzaileak» hartu dituzte langaitzat, batez ere. «Gaia ez da batere erraza izan, baina aldi berean oso mamitsua eta gaurkotasun handikoa da», azaldu du Eskolako Agendaren programa gidatzen duen enpresak.
Garapen jasangarriari eskainitako zazpigarren lanketa egin dute San Benito ikastolan, Lazkaoko Udalarekin elkarlanean. Energia, bizitzaren motorea izenburudun programan, bi diagnostiko egin dituzte, bata ikastetxekoa eta bestea herrikoa. «Galdera batzuk egin, eta haietatik ondorio batzuk atera dituzte: zenbat eta nola erabiltzen dugu energia? Nolako energia erabiltzen dugu? Nondik dator? Bere kontsumoak duen eraginaz ohartzen al gara?».
Energiaren arloan, eta jasangarritasun irizpideetatik abiatuta, «zer dagoen ondo eta zer gaizki» ondorioztatu dute. «Bai eskolan, baita herrian ere, denon artean egoera nola hobetu dezakegun» jabetzea izan da azken egitekoa. «Helburu horrekin, konpromiso batzuk hartu dituzte eta beraien esku ez dagoena, udalari eskatu diote».
Batzar berezia udaletxean
Ikastetxean landutakoa herriari azaltzeko, udaletxera joan ziren maiatzaren 17an ikasle taldeen ordezkariak. Batzar berezi bat egin zuten areto nagusian, Kepa Zubiarrain alkateari diagnostikoaren eta proposatutako ekintzen berri emateko.
Diagnostikotik ateratako ondorioak, hartutako konpromisoak eta udal ordezkariei egin nahi zizkieten proposamen edo eskaerak jaso ondoren, azken emaitzak udaletxera eraman zituzten. Besteak beste, herriko argiteriaren eta kontsumo ohituren inguruko gogoetak plazaratu zituzten ikasleek. Neurri zehatz batzuk ere proposatu dituzte.