Goierri Valley-k eta Aykos Healthcare-ek lankidetza hitzarmena sinatu dute
Eraikuntza modularraren eremuko proiektuak garatuko dituzte elkarlanean. Dagoeneko egin dute lan elkarrekin, Maurizio Uharteetako ospitale baterako ebakuntza-gela bat sortzeko proiektuan. Hitzarmena "hasitako ibilbideari sendotasuna" emateko da.
Goierri Valley elkarteak eta Aykos Healthcare start up katalanak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian Goierri Valley-ko NBF eraikinean. Iker Galparsoro Goierri Valleyko Zuzendari Nagusiak, Jorge Cuevas Aykos Healthcare-eko operazio zuzendariak eta Pere Armona Aykos Healthcare-eko zuzendari exekutiboak alde bakoitzaren lanaren zein lankidetzaren berri eman dute, eta hitzarmena sinatu dute ondoren. Eraikuntza modularraren sektoreko proiektuak egingo dituzte elkarrekin.
2017an sortu zuten Goierri Valley, industria sektoreko eragileen arteko elkarlana bultzatzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Galparsorok azaldu duenez, enpresen artean dauden sinergiak aprobetxatzen dituzte, “balio erantsi handia duten proiektuak sustatzeko eta gaur egungo zein etorkizuneko erronkei aurre egiten laguntzeko”. 33 enpresekin hasi zuen ibilbidea Goierri Valley-k. Egun, 75 enpresa biltzen ditu, 8.100 lanpostu inguru. “Erronka nagusitzat” dute “lanpostu horiek mantentzea, eta ahal den neurrian berriak sortzea”. Soluzio industrial integralak ematen ahalegintzen da elkartea, “lankidetza oinarri”. Aykos Healthcare-ek ospitaletarako eraikuntza modularrak sortzen ditu, eta lankidetza horretan oinarrituko dira datozen proiektuak egiteko, Goierri Valley osatzen duten enpresekin elkarlanean.
Orain bi proiektu dituzte esku artean, baina dagoeneko egin dute lan elkarrekin. Aykos Healthcare-ek Maurizio Uharteetan zuen proiektu baterako proposamena egin zion Goierri Valley-ri, ospitale baterako ebakuntza-gela bat sortzeko proiekturako, alegia. Goierrin ebakuntza-gela egin, Maurizio Uharteetara eraman, eta ospitaleari erantsi. Galparsororen hitzetan, “anbiziotsua” zen, eta “ilusioarekin” hartu zuten. “Ikusi genuen enpresa dezentek kolaborazio bitartez parte hartu zutela. Balorazio oso positiboa izan zuen eta horrek animatu gintuen jarraitzera”.
Gaur sinatu duten hitzarmenarekin “hasitako ibilbideari sendotasuna” eman nahi diote, “aurrera begira horrelako proiektuetan segitzeko”. Orain esku artean dituzten proiektuak Gineara eta Mauritaniara eramateko dira.
“Kide perfektua”
Pere Armonarentzat “etorkizuna kolaboratiboa izango da ala ez da izango”. Goierri Valley bezalako elkarteekin elkarlanean aritzeak aukera ematen die “balio erantsi handia duten proiektuak garatzeko, plataforma industrial baten babesean”. Azaldu duenez, Aykos Healthcare-ek ez du inoiz planteatu produkzio eremu propioa izatea, baizik eta kide estrategikoak izatea, eta Goierrin “kide perfektua” topatu dute. Moduluak 3 dimentsioetan diseinatu, eta fabrikatu egiten dituzte, altzairuz egindako egiturarekin. Modularrak direnez, handitu, txikitu, moldatu egin daitezke. “Honen bidez, kontrolatutako eremu batean fabrikatzen dugu, kalitatea, egutegia eta aurrekontuak hobeto kontrolatuz”, azaldu du Jorge Cuevasek.
Hitzarmenak harremana formalki indartzeko balioko die. Hala, asmoa kolaboratzen jarraitzea eta lankidetza sendotzea izango da. “Gure ustez, eraikuntzaren industrializazioa da gakoa”.