Gerra aurreko 43 auto ikusteko aukera egongo da bihar Zumarragan
Lasarteko zirkuituaren mendeurreneko rallyan parte hartuko duten automobilek eta motozikletek geldialdia egingo dute 12:30etik 15:00etara Euskadi plazan
Lasarteko zirkuituak ehun urte bete ditu eta hori ospatzeko gerra aurreko ibilgailuen rallya antolatu dute. 43 autok eta 9 motorrek parte hartuko dute. Bihar eta etzi egingo dute. Donostiatik irtengo dira eta Donostian amaituko dute. Geldialdietako bat Zumarragan izango da: bihar, 12:30etik 15:00etara Euskadi plazan, auto eta moto guztiak ikusgai egongo dira. Parte hartzaileen artean bi goierritar daude: Iñaki Arratibel gabiriarra eta Jesus Mari Etxeberria lazkaotarra.
Lasarteko Sari Nagusia 1923tik 1936ra egin zuten (1932an eta 1933an izan ezik). Belle Epoque garaian sortu zen. Donostiara dirudun jendea etortzen zen, automozioa lehen pausoak ematen ari zen eta lasterketa bat antolatzea erabaki zuten. Sekulako arrakasta izan zuen. Munduko marka eta pilotu onenek parte hartzen zuten. Donostia mundu osoko komunikabideetan agertzen zen. Baina 1936an antolatzeari utzi behar izan zioten gerra zela eta.
Aurten Sari Nagusiaren eta Gipuzkoako Automobil Klubaren sorreraren mendeurrena da eta RACVN-ek proba hau antolatzea erabaki du. Bihar, autoak Alderdi Ederretik aterako dira eta 12:30ean geldialdia egingo dute Zumarragan. 15:15ean Zumarragatik Lasarteko Michelin fabrikara joango dira. 17:30ak aldera helduko dira bertara. 18:30ean Donostiara abiatuko dira. 19:30ak aldera helduko dira Alderdi Ederrera.
Zumarragara kostatik etorriko dira eta toki beretik itzuliko dira Donostiara. 156 kilometro egingo dituzte. Zumarragako plaza hesituta egongo da, autoak oso baliotsuak baitira eta ezin baitira ukitu.
Igandeari dagokionez, 10:00etan Alderdi Ederretik abiatuko dira eta 10:30ean Lasarteko Txartel hotelean geldialdia egingo dute. 11:30ean, duela mende bat abiatzen ziren bezala abiatuko dira: autoak elkarren ondoan aparkatuta egongo dira eta parte hartzaileak autoetara korrika abiatuko dira seinalea ematen dutenean. 12:30ean Lasarteko zirkuituko helmugara helduko dira. 14:00etan Lasarteko Araeta jatetxean bazkalduko dute eta ondoren sari banaketa ekitaldia egingo dute.
Igandean Lasarteko zirkuitua zena osatuko dute: Lasarte-Andoain-Urnieta-Hernani-Lasarte (34 kilometro).
Parte hartzaileen artean bi goierritar daude: Jesus Mari Etxeberria lazkaotarra eta Iñaki Arratibel gabiriarra. Etxeberriak Hispano Suiza J12 Cabrio Binder autoarekin parte hartuko du eta Arratibelek Chrysler 80 Imperial autoarekin.
Atzo aurkezpena egin zuten Zumarragan. Ekitaldian, Xabier Artzamendi RACVNeko kirol zuzendariak, Mikel Serrano alkateak eta Joseba Angulo kirol teknikariak parte hartu zuten.
Serranok Zumarragak automozioarekin lotura izan duela gogoratu zuen. Orbegozo lantegian Seat 600 autoaren karrozeria egiteko erabiltzen zuten materiala egiten zuten. Bestalde, 2002tik 2019ra auto klasikoen kontzentrazioa egin zen eta auto klasikoen Sunsundegi rallyak geldialdia egiten du urtero
Artzamendik Lasarteko Sari Nagusia egungo Formula 1aren baliokidea zela aipatu zuen. “Estatuko lehen Sari Nagusia Madrilen egin zen, 1911n. Hurrengoak Lasarten egin ziren. Lasarteko Sari Nagusiak sekulako bultzada eman zien turismoari eta industriari. Automozioa bultzatu zuen”.
Lasarteko Sari Nagusia historiara pasa zen. Hala, auto historikoen jabeek, rallyaren berri izan bezain laster, parte hartzeko asmoa azaldu zuten. “Denek etorri nahi zuten. Lasarteko Sari Nagusia adituen artean oso ezaguna delako eta auto historikoentzako rally gutxi egiten direlako. Izan ere, auto horiek sekulako balioa dute eta ardura handia da halako proba bat antolatzea. Autoen atzetik garabi bat joango da. Ea ez dagoen erabili beharrik!”.
Auto zaharrena 1 zenbakia eramango duen Hispano Suiza Alfonso XIII autoa da. 1911koa da. 2 zenbakia eramango duen Bugatti T35 autoak, berriz, Lasarteko Sari Nagusian parte hartu zuen. Sari Nagusiaren lehen urteetan motoek ere parte hartu zuten. Hori dela eta, asteburu honetako rallyan motoek ere parte hartuko dute.
Artzamendik biharko eta etziko ekitaldia “historikoa” dela esan zuen. Izan ere, auto horiek oso gutxitan ikusi ahal daitezke martxan. Serranok auto horietako asko liburuetan eta pelikuletan bakarrik ikus daitezkeela gehitu zuen.