Betiko mamiz eta irudi berrituz ospatu du San Benitok Ikastolaren Jaia
Logotipo, lelo eta abesti berriak aurkeztu zituzten, ostiralean. Herritar ugarik bat egin du ikastolaren lehenengo festarekin. Eraikin berriak barrutik ikusteko baliatu dute aukera.
Lazkaoko San Benito ikastolak 60 urte beteko ditu aurten. 1963an sortu zuten. Aldaketa eta berrikuntza ugarirekin hasiko du hurrengo hamarraldia. Iaz bukatutako obrekin, DBH-batxilergoko eraikinean gelategi berriak, eta HH-LH eraikinean gelen birmoldaketak egin zituzten, eta herritarrek barrutik ikusteko aukera eduki zuten, ostiral arratsean.
Arrakastatsua suertatu da Ikastolaren 1. Jaia. “Balorazioa izugarri positiboa da. Oso ondo joan da, jende piloa ikusi dut. Ez genuen espero hainbesterainokorik. Bagenekien bazegoela jakin-mina, baina aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Jende asko, eta jende gazte asko etorri da, ikasle ohi asko. Hor dago etorkizuna”, azaldu du gaur Ikastolaren zuzendari Xabier Maizak.
Eraikinen bisitaldiez gain, haurrentzat jolasak, eskulanak eta aurpegi margotzeak egin ziren. DBH4koek edariak eta pintxoak saltzeko eta Londresera ikas-bidaian joateko sosak lortzeko postua jarri zuten. Produktu saski bat zozkatu zuten ikasleek, eta bertan agertu zen saritua.
Aizpea Garmendia bertsolariak honela bildu zuen historia, oraina eta etorkizuna, bertso batean:
Maria Isabel Aldasoro,
Elbira Zipitria,
Mari Karmen Eizagirre,
danan mugarria.
Elkartuz euskera eta
gure aberria,
oraindik bizirik dago
zuen aldarria.
Gurea deu ikastola,
gure herria;
gozatu gaurko saioa
ez gorde irria.
Etorkizunak eredu,
itxura berria.
Irudi eta goiburu berriak
San Benitoko jolastoki estalia jendea beteta zela egin zuten ekitaldia. Logotipo berria aurkeztu zuten. Durangaldeko (Bizkaia) Sorlan komunikazio agentziak diseinatu du irudia. L formakoa da, hiru koloretan. Zutikako adarra morea du, etzana laranja, eta konfluentzian puntu hori bat. “San Benito Lazkaoko ikastola” esapidea ere badu.
Leloa ere berria da: “Sustraiak sakon, etorkizunerako prest”, Artezkaritza Kontseiluan ondua. Abesti bat ere konposatu du irakasle talde batek, bai letra, bai musika eurek sortuta. Ekitaldian jo eta abestu zuten.
Hitzartzeetan, Xabier Maiza zuzendariak, Artezkaritza Kontseiluaren lehendakari Maite Esnaolak, Euskal Herriko Ikastolen lehendakariorde Nekane Artolak eta Lazkaoko jarduneko alkate Kepa Zubiarrainek hartu zuten hitza. Zubiarrainen hitzetan, Lazkaon dagoen ikastetxe bakarra den heinean, ikastolaren “garrantzia berebizikoa” da. Aniztasunaren eta desberdinen arteko topaleku bilakatzen da, eta horrek Lazkaoko herriari aberastasun izugarria ematen dio. Eta, bestalde, herria batzea lortzen du. Ikastola ezin da ulertu Lazkaoko herririk gabe, eta Lazkaoko herria ere ez ikastolarik gabe. Beraz, eskutik doaz biak, eta aurrerantzean ere horrela izan beharko du, ezbairik gabe”.
Bai ostiraleko jaira joan ziren guztiei, bai ikastolaren alde lan egin duten guztiei eskerrak helarazi dizkie Maizak. “Jende askoren lan ona eta konpromisoa behar izan da 60 urteotan. Eskertza, beraz, hau guztia posible egin duten guztiei; azkenean, herri osoari. Eskerrak Lazkaoko herritarrei eta ikastolaren proiektua posible egin duten guztiei”.
Argazkiak: Aimar Maiz